Ikasleak saretzen

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldeko-IA 2020ko api. 23a, 11:06

Badira aste batzuk jada salbuespen egoera aktibatu zenetik. Ikasleok bat-batekotasun batekin harrapatu gintuen eta ikasketa eremuan galera asko zeuden. Egoera zaurgarri honen ataka moduan, klase presentzialak izatetik online klaseak izatera igaro ginen; hau dena kalteberatasun handia sortzen zigun moduan eta nola garatuko zen oso ongi jakin gabe. Alternatibak bilatzeko momentuan ikasketa-instituzioek izan dituzten arazoak ikusita, argi eta garbi nabaritu dira sistema kapitalista honen barruan, ikasketa sistema honek zehazki dituen kalte eta hutsuneak.  

Hainbat dira egoera honek bultzatuta laguntza sareak zabaldu dituzten eragileak. Ikasketa esparruan gehiago murgildurik, ezinbestekotzat dugu UIBk (Unibertsitateko Indar Batasuna) martxan jarri duen Ikasle Babes Sarea eta Apunteen Bankua azaltzea. UIB, unibertsitateko langile sektoreen interesen defentsarako sortutako eragile bat da, unibertsitateko langile sektore ezberdinen batasunarekin indarrak biderkatzea bilatzen duena. Unibertsitate esparruan Beka eta Tasen inguruko kanpaina bat abiatu zuelako edota EHUko garbitzaileen borrokaren sostengu izanagatik egin dakizuke ezagun, besteak beste.

Gaurkoan, abian jarritako Ikasle Babes Sarea eta Apunteen Bankuaren nondik norakoak azaldu nahi ditugu. Euskal Herri mailan aktibatu den mekanismo bat bada ere, Tolosaldeko ikasleentzat ere tresna hau erabiltzen jakitea lagungarria izan baitaiteke.

Alde batetik, Babes Sareak bigarren hezkuntzako (DBH eta Batxilegoa) zein unibertsitateko ikasleei ikasketekin dituzten zalantzak argitzeko ikasketa-laguntza eskaintzen du. Horretarako, unibertsitateko hainbat ikaslek ikasgai konkretuetan laguntzeko taldeak antolatu dituzte. 

Honako ikasgaiak dira Ikasle Babes Sareak laguntza eskainiko duen ikasgaiak: fisika, kimika, teknologia, marrazketa teknikoa, biologia, geologia, matematika (gizarte zein zientzien arlokoa), euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, latina, grekera, filosofia, historia, artearen historia, ekonomia eta geografia.  

Laguntza eskatu nahi duenak, UIBrekin harremanetan jarri besterik ez du; 'uibnazionala@gmail.com' helbidera idatzita, 688 64 66 97 telefono zenbakira deituta edota Twitter (@UIBnazionala) edo Instagram (@uib_nazionala) sare sozialetara idatzita egin dezake. Ikasle Babes Sareko kide bat zuen zalantzak edo arazoak konpontzen ahaleginduko da, egokiena deritzozuen bidea erabiliz: Skype, Hangouts, korreoz edo telefonoz. Interneteko konexiorik edo gailurik ez baldin baduzue ere, jarri harremanetan eta konponbideren bat aurkitzen ahaleginduko da Ikasle Babes Sarea. Ikasgai konkretu baten zalantzekin edota zalantza orokorrak baldin badituzue jarri harremanetan beldurrik gabe! 

Bestetik, apunteen bankua jarri du martxan UIBk. Horrenbestez, hainbat ikasketetako apunteen bilketa egiten ari dira Ikasle Babes Sareko kideak, ikasteko materiala edonorentzat Interneten eskuragarri jarriz. Apunteen banku horretara sartu nahi duten ikasleek, honako lotura honetara sartu besterik ez dute: https://mega.nz/folder/mmJigCJS#82x26oOt3jfdz8u.... Garrantzitsua da aukera duenak bere apunteak elkarbanatzea ere 'uibnazionala@gmail.com' helbidera bidaliz.

Aipatzekoa da Ikasle Babes Sareak eskainiko dituen “laguntza klaseak” eta Apunteen Bankuko apunteak erabiltzea guztiz dohakoak direla. Elkartasun-sareak osatu eta autoantolakuntza bultzatzea baitira gure helburuak, ez irabazi ekonomikoak ateratzea. 

Salbuespen egoera honetan ikaskuntza-instituzioek egindako akatsen ondorioak ikasleok jasan beharko ditugula jakitun gara. Hori dela eta, ezinbestekotzat jotzen dugu ikasleen ikas baldintza eta bizi baldintzak aldarrikatu zein hauen defentsa aurrera eramateko mekanismoak sortzea, klase elkartasunaren beharrezkotasuna azpimarratuz.

Mekanismo hauek martxan jartzen dabiltza hainbat eragile, esparru ezberdinetan. Gure joko-zelaiean, azpimarratzekoa da garai txarrenetan ere batzuek azaleratzen duten konpromezu militantea. Tartean, gure eskualdeko burkide diren Tolosaldeko Autodefentsa Sareko kideak (TAS), duela egun batzuk egoera gordin honi irtenbidea aurkitzera bidean aktibatu zuten borroka bitartez, hain zuzen. Honen bitartez, Ikasle Abertzaleon babes eta errespetu osoa duzuela adierazi nahi dizuegu, baita borrokan zuekin batera arituko garela ere.


Indarrak batuz, gaitasunak biderkatu! 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!