Otsailaren 13an 38 urte betetzen dira Joxe Arregi Carabanchelgo kartzelan hil zenetik Espainiako Poliziak, atxiloketa epeak iraun zuen denboran zehar, egindako torturek eragindako zaurien ondorioz. Ordutik, data honek torturaren aurkako borrokan erreferentzialtasun nagusia izan du Euskal Herrian.
Tortura ez da haien onetik kanpo zeuden zenbait funtzionariok aurrera eramandako praktika kasuala izan, baizik eta disidenteak zigortzeko Espainiako Estatuak sortutako makinaria oso baten emaitza. Makinaria horren parte dira poliziak, baina baita epaileak, fiskalak, epaitegietako auzi-medikuak, polizien aurrean kokiltzen diren ofiziozko abokatuak, bitarteko hauek guztiak bermatzen dituzten politikariak eta, nola ez, torturaren aldeko iritzia sortzen duten enpresari handien komunikabideak ere.
Ezinbestekoa da torturak betetzen duen papera ulertzea Euskal Herriaren askapen borroka bera ulertzeko. Tortura zapalkuntza bitarteko gordina den heinean, torturatzaileen aurkako borroka ere gordina izan da ezinbestean, izan ere sistemak berak torturatzaileak babestu, saritu eta ordaindu dituen bitartean, herriak bere burua defendatzeko mekanismoak jarri baititu martxan. Ez dezagun ahaztu ETAk Melitón Manzanas torturatzaile ospetsua 1968an hil bazuen ere, gaur egunera arte asko izan direla Manzanasen papera bete dutenak edota babestu dutenak.
Asko dira oraindik torturapean lapurtutako deklarazioetan oinarrituta kartzela zigorra pairatzen ari diren euskal militanteak. Hau salatzeak balio behar digu preso politiko hauen militantzia zilegitzeko eta amnistiaren aldeko borroka indartzeko. Hori dela eta, otsailaren 13an 19:30ean Gasteizen (Andra Mari Zuria) eta Bilbon (Gobernu Zibilaren aurrean) burutuko ditugun elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egiten dugu.