Mundura zabaldutako ikastetxea izan nahi dutela dio Juan Luis Nazabal Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuko Nazioartekotze Proiektuko koordinatzaileak. Gaur egun gizarte gero eta globalizatuago batean bizi garela dio Nazabalek, eta garrantzitsua ikusten dutela beste herrialdeetako erakundeekin harremanak garatzea.
Nazioartekotzea plan estrategikoaren ardatzetako bat dute Tolosaldea LHII-n, eta horren bueltan, atzerriko ikastetxe, erakunde eta enpresekin hainbat ekimen burutu ohi dituzte urtean zehar. Aurtengo ikasturtean ere halaxe egin dute, jasangarritasuna, inklusioa eta aniztasuna, digitalizazioa, parte hartzea, balore amankomunak eta konpromiso zibikoa Eramus+ proiektuaren helburuak izanik.
Digitech KA2 proiektua
Europar mailan benetako inklusiozko hezkuntza baten kontzeptua hobetzea du helburu KA2 proiektuak, eta horren baitan hainbat proiektu dituzte martxan. Horietako bat, duela bi urte abiatu zuten Digitech izeneko proiektua da. Honen helburua ikasle zein irakasleen gaitasun digitalak areagotzea dela azaldu du Nazabalek, jasangarritasun edukia lantzeko. «Pandemia garaian gaitasun digitala izatera derrigortu gintuzten, eta bideokonferentziazko aplikazioen bidez lan egitera egokitu ginen. Beraz, irakasleek momentu horretan zituzten gaitasunak neurtzea erabaki genuen, ondoren plataforma bat martxan jartzeko».
Honekin lotutako lehen bilera 2022ko irailean egin zuten Herbehereetako Oosterblokker izeneko herrian, eta bertan, lau herrialdetako bost erakundek parte hartu zuten; Herbeeretako Stichting Technotrend eta Energy Challenges fundazioak, Alemaniako The European Institute for Innovation Technology, Turkiako BOSEV fundazioa eta Euskal Herriko Tolosaldea LHII. Geroztik, hilabetean behin, online bilerak antolatu dituzte.
Lehenengo fasean, irakasleek pandemiaren krisiaren garaian landutako gaitasun digitalak neurtu zituzten. Ebaluazio horren ondorioekin Toolkit-1 izeneko aplikazio eta baliabideak diseinatu, sortu eta martxan jarri ziren plataforman, ondoren irakasleek bertan trebatu ahal izateko.
Irakasleei trebakuntza prozesu horretan laguntzeko prestakuntza saioak ere antolatu dituzte. Hain justu, iazko azaroan, irakasleen bigarren prestakuntza saioa burutu zuten. «Horrekin lotuta plataforma bat sortu zen eta bertan dauden erreminta digital desberdinak azaldu ziren, bakoitzaren gaitasun digitalak neurtzeko eta hobetzeko asmoarekin, horiengan kontzientziazioa sortzeko eta nola lantzen diren ikasteko, besteak beste», azaldu du koordinatzaileak.
Horrez gain, aurten, Digitech KA2 proiektuko hirugarren TPM bilera ere egin dute Turkiako Ankara hirian, Büyük Ortadoğu Sağlık ve Eğitim Vakfı (BOSEV) erakundeak antolatuta. Bertan lau herrialde ezberdinetako erakundeek parte hartu dute, eta ekintza ugari garatzea adostu direla jakinarazi du Nazabalek.
Elkarlana balioan
Tolosaldea LHII-n elkarlana dute oinarri, eta hori bultzatzeko beste herrialdeetako ikastetxeekin elkartrukeak egiten dituzte. Urte asko daramatzate Reunion Uharteko Lycée La Vue Belleko eta Hazparneko San Josepe Lizeoko ikastetxeekin elkarlanean, eta aurten ere bi horiekin elkartrukeak gauzatu dituzte.
Hain justu, urtarrilean, merkataritza graduko ikasle talde batek bi astetako egonaldia burutu zuen Reunion Uhartean, euren ikasketak eta praktikak burutzeko asmoz. «Ikasturte honetan, ikasleek Ekoturismoarekin lotutako proiektu bat garatu dute eta bertan praktika onak bisitatzeko aukera izan dute, alegia, jasangarritasuna garatzen duten bi hotel bisitatu dituzte», kontatu du koordinatzaileak. Bigarren astean, lantoki ezberdinetan murgildu ziren lan prestakuntza burutzeko.
Apirilean, berriz, Reunion Uharteko ikasleen txanda izan zen, eta Nazabalek kontatu bezala, «bizikletaz egin genuen txangoa Leitzarango biotopoan zehar, Reunion Uharteko ikasleek turismoa beste era batera nola egin daitekeen ikus zezaten».
Hazparneko San Josepe Lizeoan ere izan dira Tolosaldea LHII-ko ikasleak. Hain zuzen, maiatzean, mekanizazio graduko ikasleak bi egunez joan ziren hara, eta bertan hainbat jarduera burutu zituztela aipatu du koordinatzaileak: «Batetik, euriko ura jaso eta hori erabili ahal izateko sistema baten diseinua aztertu eta mekanizatu zuten, eta bestetik, aeronautikako sektorean lan egiten duen Lauak enpresa ere ezagutu zuten». Horrez gain, aisialdi eta ekintza kulturalak egiteko aukera ere izan zuten ikasleek.
Ezagutza indartuz
Ikasleen artean ez ezik, Tolosaldea LHII-ko irakasleen artean ere ohikoak izaten dira atzerriko egonaldiak prestakuntza jasotzeko eta ezagutza indartzeko. Izan ere, bigarren mailako ikasleak praktikak hiru hilabetez egitera joaten dira atzerrira, eta irakasleek, berriz, aurretik jasotzen dute prestakuntza.
Eramus+ programaren barruan, iazko maiatzaren 21ean Tolosaldea LHII-ko hiru irakaslek Italiako Brescia hirian bost eguneko egonaldia egin zuten. Bertan, hainbat enpresa eta ikastetxe ezagutzeko aukera izan zuten, «bertan gauzatzen diren praktika onak ezagutu eta gurera ekartzeko asmoarekin».
Horrez gain, beste zenbait irakaslek ere, Herbeheretako hiru ikastetxe bisitatu zituzten. Bidaia honen helburua, ikastetxe desberdinak ezagutzeaz gain, euren nazioartekotze proiektuak, proiektu teknologikoak eta metodologiak ezagutzea eta etorkizuneko lan ildoak zehaztea izan dela azaldu du Nazabalek. Hain zuzen, ikastetxe horiek izan dira, Hertogenbosch hirian dagoen Konin Willem eskola, Zwolle herrian dagoen Deltion eskola, eta Groningen hirian dagoen Alfa College eskola.
Europa kanporako mugikortasuna sustatzeko asmoa du Tolosaldea LHII-k, eta berrikuntza modura aurtengo ikasturtean ikastetxeko ordezkaritza bat Australiako Melbourne hirian dagoen Holmesglen ikastetxean izan da, astebetez, «bertako lanbide heziketa gertutik ezagutzeko eta aurrera begirako elkarlana sustatzeko asmoz».
Horrez gain, irakasleek ikasturtean zehar zenbait preskuntza ikastaro ere jasotzen dituzte. Horren adibide, iazko urrian, Tknikan burutu zen Erasmus+ berrikuntza-proiektuei buruzko prestakuntza-ikastaroa. «Saio honek parte-hartzaileei proposamen sendo bat arrakastaz aurkezteko beharrezko elementu guztiak ematea du helburu; elementu formal guztiak ulertuz, proiektuaren ideia bat garatuz ondoren nazioarteko balizko bazkideei modu eraginkorrean aurkezteko, eta lankidetzan aritzeko proposamenak prestatzen erakusten die, besteak beste».
Bestetik, azken urteetan Suitzako gobernuak bultzatutako innoVET proiektuaren baitan burutzen ari diren bilera eta ekintzetan ere parte hartzen ari dira. Oraingoa Suitzako Saint Gallen hirian burutu da, bosgarren Teacher Academy ekintza.
Azken proiektua
Tolosaldea LHII-n irakasle aritutakoa da Iñaki Arakistain azkoitiarra, eta Aitzol Ibarzabal azpeitiarrarekin batera Taghia Eguzkiz Blai proiektua sortu dute. Taghia Atlas Garaian dago, Marrakexetik 200 kilometrora, eta dagoeneko ura iristen da bertara. Izan ere, eguzki panelekin energia sortu eta ura ponpatzeko sistema instalatu berri dute han. Tolosaldea LHII-k ere parte hartu du proiektuan, eta hain zuzen ere, ikastetxeko dozena erdi bat lagun izan dira Taghian maiatzaren 11tik 19ra bitartean, instalazioa muntatzen, beste hainbat boluntariorekin batera.
Bertan igarotako egunetan, eguzki plakak jarri dituzte ikastetxeko kideek. Honela energia sortu eta kable baten bitartez garraiatuz, beheko depositutik goikora ura ponpatu ahal izango da. «Modu horretara iritsiko da ura mendi magalean dauden etxeetara», esan du koordinatzaileak.
Horrez gain, datorren ikasturtean Gizarte eta Kirol- Irakaskuntzako eta Animazioko heziketa zikloa martxan jarri nahi dute ikastetxean, eta aztertzen aritu diren jomuga honek aukera ugari eskaintzen ditu kirol jarduera, mendi turismoa eta kanpalekuak antolatzeko. Hortaz, Natur Gidaritza eta eskalada bezalako jarduerak gertutik ezagutzeko aukera izan dute ikasleek, baita bertako hezkuntza sistema ere.