Erakutsiz ikasi

Garagardoa ekoizten

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea LHII 2019ko mar. 16a, 19:59

Aurten, Tolosaldea LHII-ko Mantentze zikloan berrikuntza bat izan dugu: bigarren mailan gaudenon kurtso osoko jarduna garagardoaren prozesuan oinarritu, eta azken asteotan garagardoa ekoizten aritu gara

Aitor Zurdo, Joan Salegi eta Imanol Arangoa Mantentze Alorreko bigarren mailako ikasleok garagardoa egiteko sistema muntaia diseinatu eta muntatu dugu, eta baita garagardoa egin ere.

Aurten, Tolosaldea LHII-ko Mantentze zikloan berrikuntza bat izan dugu: bigarren mailan gaudenon kurtso osoko jarduna garagardoaren prozesuan oinarritu, eta azken asteotan garagardoa ekoizten aritu gara. Artisau eran ekoiztutako garagardoa moda-modan dagoen produktu eta prozesua izanik, gu motibatzeko aitzakia moduan erabili dute, eta motibaturiko edozeinen mugak urrutira irits daitezkeela frogatu eta bizi izan dugu.

Garagardoaren aitzakian aplikazio termikoetarako instalazioak, hozketa prozesuetarakoak eta mantentze industrialerakoak ezagutu ditugu. Besteak beste, hidraulika, pneumatika, soldaketa biguna, gogorra eta elektrikoak, kontrolerako arduinoak, motorren mantentze elektriko eta mekanikoak eta beroketa-hozteko prozesuak ikasi ditugu. Garagardoaren ekoizpenerako, beraz, instalazioak diseinatu, muntatu eta martxan jartzeko teknologia ugari ukitu behar izan ditugu. Esperientzia aberatsa suertatu zaigu benentan!

Azpimarratzekoa izan da motibazioa eta ardura elkarrekin uztartuz lortu diren emaitzak. Muntatu ditugun hiru instalazioek 35 litroko ahalmena izanik, egunean ia 60 litro pale ale garagardo egin ditugu. Guztira, 4 ordu inguruko lana ekoizpenean, eta 600 ordu inguruko lana diseinu eta muntaian.

Jakin beharreko teknologien ezagutzak landuta, garagardoaren ekoizpenerako instalazioaren muntaian jarraitu dugun ibilbidearen berri emango dugu jarraian:

Garagardoa egiteko errezeta eta pausoak ezagutu ditugu lehendabizi, informazioa bilduz. Jarraian, errezeta eta pauso horietan oinarritzeko instalazioaren diseinua landu, eta krokisa egin behar izan dugu. Honek instalazioko elementu bakoitza dimentsionatu eta tutueriak kalkulatzera eraman gaitu, horretarako gure ekoizpenerako beharrezko potentzia termikoa kalkulatzetik hasiz. Instalazioaren zati hidraulikoa geneukanean, errezetari dagokion parametroak kontrolatzeko arduinoa programatu eta kontroleko zatia diseinatu behar izan genuen. Diseinuko azken lana hozketa prozesuarena izan da. Gure kasuan, 100ºtik 18ºra jaisteko hozte sistema diseinatu dugu, eta 30 litroak 6-7 minutu inguruan hoztea lortu dugu. Fermentatzen utzi, hamar bat egun, CO2 guztiak alde egin arte, eta botilaratu ostean, botilan emango du bigarren fermentazioa; aparra emango dion CO2 botilan bertan hartuko du.

Azkenik, egindako lanaren berri xehetasunez bukatu ahal izateko, pale ale garagardoaren errezeta, edo guk erabili duguna emango dizuegu.

Lehenengo, beratzeko eltzean 20 litro ur eta eltze laguntzailean 10 litro ur jarri ditugu. Beroketa 67º-70º bitartean kontrolatu digu arduinoak eta, malta gehitu ondoren, 70 minutu inguruan mantendu dugu. Horretarako, berokuntzako zirkuitu bat izan dugu bero iturri bezala. Jarraian muztioa atera, eta eltze laguntzaileko beste 10 litroak (78ºan) ekarri ditugu bonba bidez. Muztio guztia jaso eta beraketa ontzitik malta atera ostean, muztioa bertaratu eta gas bidezko erregailu bat izan dugu irakiteko. Horrela irakinez, beste 60 min mantendu dugu. Irakite prozesuan, garagardoari bere garraztasuna eta zaporeak emango dizkion lupuluak nahastu dizkiogu: 30 gramo lehenengo, 15 min ondoren, eta beste 30 gramo azken 15 minutuetan. Hau, bonba bidez, eltze laguntzailera pasatu, eta trukagailu bidez hozketa zirkuitu bateko uraren kontra hoztu dugu. Hozketa prozesuak 6-7 min iraun du, 100ºtik 18ºra jaitsiz. Azkenik, legamia gehitu, eta fermentazio ontzian utzi dugu 20º inguruan, 10 egunez. Ontzi honek CO2 irteten uzten duen sifoi bat izanik, lortutako garagardoa gasik gabea izan da eta, botilaratu ondoren, azukre pixka baten laguntzaz, birfermentatzen utzi dugu, gutxienez 4-5 astez. Orain 10 gradutara erregulatuta daukagu guk muntatutako hozkailu bat, eta bertan dago edateko prest… ON EGIN!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!