Nazioartekotzea, bizitzarako esperientzia bat

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea LHII 2018ko eka. 8a, 08:56

Nazioartekotze programak Tolosaldea LHIIan, ATARIA

Tolosaldea LHIIak 15 urte daramatza, ikasle nahiz irakasleen atzerriko egonaldiak sustatzen.

Munduaren aldaketen abiadurari heldu, eta globalizaziora egokitu ahal izateko adarretako bat da, ikasleen nazioartekotzea. Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutu Integratuak 15 urte daramatza, jada, kultura eta jakintza truke horretan. Hain justu, ikastetxeko 2015-2018 plan estrategikoaren ardatzetako bat da beste zenbait herrialdeekiko harremanak sustatzea, eta ikastetxe nahiz enpresekin hitzartzen dituzte akordioak.

Tolosaldea LHIIarentzat «ezinbestekoa» da beste eremu geografiko batzuk eta bestelako egiteko moduak ezagutzea, «ikasleen hezkuntza oso baten alde». Izan ere, ikastetxeko hezitzaileek argi diote, «esparru profesionala bezainbeste aberasten dela, horrela, esparru pertsonala ere».

Kasu gehienetan, ikasleek hiru hilabeteko egonaldiak osatzen dituzte atzerrian, praktikak eginez, eta, horretarako, Europar Batasunaren edo Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak izaten dira eskuragarri, hiru bekalditan.

Erasmus +, Europan barrena

Goi-mailako zikloetako ikasleek nahiz erdi-mailako zikloetako ikasleek Europako hainbat herrialdetan egonaldiak egiteko aukera eskaintzen dute, Erasmus + bekek. Gainera, azken urteotan, beka programa horrez gain Euskadiko Lanbide Heziketako Ikastetxe Publikoen Elkartearen partzuergoan ere parte hartzen dute Tolosako ikasleek, eta horrek atzerrian praktiketan aritzeko aukera zabaltzen dio institutuari.

Bekaldi horiekin, Europako herrialdeetara bertaratzen dira ikasleak eta, besteak beste, Italian, Polonian, Erresuma Batuan, Norvegian, Finlandian, Danimarkan, Frantzian, Portugalen, Irlandan, Maltan eta Alemanian egonaldiak egiteko aukera eskaini die, Eramus + proiektuak.

Iparraldea ezagutuz

2017-2018 ikasturtean, Tolosaldea LHIIak aukera izan du, Ipar Euskal Herriarekin zubiak sendotuz, hezkuntza eskaintza nazioartekotzeko. PyireneFP egitasmoa izan dute horretarako giltza, eta 26 ikasle eta zazpi irakasle izan ziren han, gero trukea egiteko. «Hain hurbil eta, alde berean, hain urrun ditugun Iparraldeko lagunak ezagutzeko aukera izan da, eta baita hango lan egiteko moduak ikustekoa ere».

Ikasketak amaitu ondoren ere, bada nazioartekotzerik

Mugaz gaindiko formakuntzaren hirugarren adarra Global Training bekek eskaintzen dute. Kasu honetan, Tolosaldea LHII atzerrian lantegian dituzten inguruko enpresekin harremanetan jartzen da, haien beharrak atzeman eta sei hilabeteko praktikaldiak eskaintzeko.

Global Training-aren kasuan, unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak amaitu ondoren hasten da atzerriko egonaldia, eta jaurlaritzak eta beste zenbait erakundek sustatzen dute.

Ikaskuntza esperientzia bat beharrean, «bizi esperientzia bat» da nazioartekotzea, Tolosaldea LHIIko hezitzaileen ustez: «Kanpora joaten diren ikasleen %99 oso pozik itzultzen dira, eta badira zikloa amaitu eta gero beste bekaldiren batekin esperientzia errepikatu dutenak ere».

Trebakuntza profesionala baino askoz ere haragoko proiektua baita nazioartekotzea: «Askorentzat, lehen esperientzia izaten da, etxetik kanpo, eta autonomia osoz bizitzen ikasten dute. Gainera, beste hizkuntza batean bizi eta lan egin behar izaten dute».

Institutuak ez du zalantzarik: norbere bizipenetarako bezain aberasgarria da, mugaz gaindiko hezkuntza, curriculumerako ere. Eta horrek eragiten du, hain justu, euskal lanbide heziketa ere beste zenbaitentzat eredugarri suertatzea: Txiletik, Irlandatik, Herbehereetatik, Poloniatik, Erresuma Batutik nahiz Frantziatik bisitak jaso izan dituzte Tolosaldea LHIIn.

Aurrera begira ere, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutu Integratuak nazioartekotzeko aukera horiek elikatzen eta proiektu berriak marrazten jarraitzea lan lerro nagusien artean du, «pertsona trebe eta arduratsuak hezteko bidean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!