Urtarrilaren 17an, mezu hau argitaratu zuten euskal prentsan, gure gai honi dagokiona:
Urtero igartzen dute beherakada, urtarrilean eta abuztuan. Baina, aurten, bereziki nabaritu dute. Euskadiko Odol eta Ehunen Bankuak odol premia duela ohartarazi du, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan ebakuntza guztiak iragarritako egunetan egingo direla bermatzeko.
Larrialdietakoak ez daude arriskuan, baina, datozen egunetan odol emateek gora egin ezean, gainontzekoak atzeratzen hasi beharko dute, bankuko zuzendari Miguel Angel Vergak azaldu duenez.
«Deialdia ez da berria. Urtero egiten dugu. Baina egia da gero eta gehiago kostatzen zaigula mailari eustea».
Jarduera solidario horren helburuarekin bat egiten dugu Tolosaldea LH institutuko partaideok, denok. Hori dela eta, Sabin Urcelay Gipuzkoako odol emaileen elkarteko burua gonbidatu genuen hitzaldi bat eman ziezagun, eta mezu argi bat zabaldu zigun (guk bete-betean sinesten duguna): "Odola ezin da erosi, beraz, odola konpartitu egin behar dugu!”
Hitzaldia amaituta, urtero bezala, ikastetxeko ikasle gazteengana hurbildu ginen odola eman dezaten.
Orain arteko odola emateko ekitaldi guztiak onak izan badira ere, aurtengoa benetan bikaina izan dela esan dezakegu:
- XIV. ekitaldia izan da.
- Parte hartzaileak: 78; emaileak 70 (haietatik 16 irakasle eta beste 54ak, ikasleak).
- Lehen aldiz eman dutenak: 34 gazte.
Datuak ikusita, odola emanez gizartearekin dugun konpromisoa bide onean doala dirudi. Gure hezkuntzako helburuetako bat, benetan garrantzitsua, betetzen ari gara.