Euskal Herriko Kopa taldeka jokatzen den maila honetako txapelketa bakarra da eta bereziki garrantzitsua da horregatik, norberaren frogan lortutako puntuak taldekako sailkapenari batzen zaizkiolako. Horrela, asteburu osoan zehar egutegiko froga guztiak igeri egin eta bakoitzean bi igerilarik parte hartuz lau jardunaldietako puntuak batu eta sailkapen orokorra osatzen da.
Aurreikusitako sailkapenak 4, 5 edo 6.postuen artean zeuden eta horregatik taldea dena emateko asmoz gerturatu zen Irunera.
Larunbateko bi jardunaldien ondoren nesken sailkapena eta mutilena 3. postuan kokatu zen eta honek aurreikuspen guztiak gainditzen zituela ikusirik taldea erabat ilusionatu eta oraindik ere gehiago motibatzeko balio izan zuen. Larunbatean bertan neska mutilak ezin hobeto igeri egin zuten, bakoitzaren frogak bikain igeri eginez eta puntu mordoa pilatuz.
Igandean berriz, neskek beren papera modu perfektuan bete zuten larunbateko lanari segida emanez eta mutilak ere bikain egin bazuten ere 3 bakarkako deskalifikazioren ondoren 3. postutik 4. era erori ziren. Talde osoak dena eman zuen zalantzarik gabe, jarrera ezin hobea izan zen eta deskalifikazioek giroa pixka bat hoztu bazuten ere taldeak postuari eusteko gogoa eta ilusioa ez zituen galdu eta lanean gogor jarraitu zuen.
Euskal Herri mailako talde konpletoenetako bat dela erakutsi zuen etxeko taldeak, igerilari oso gazte zein nagusiagoez osatutakoa, aurkariak hiriburu handietako taldeak izanik eurekin borrokatzeko moduko maila duela erakutsiz eta batez ere talde giroa ezin hobea duela erakutsiz. Maisutasunez igeri egin zuten eta heldutasunez eutsi erronkari.
Aurretik gizonezkoetan Irungo Bidasoa XXI eta ia Bizkaiako selekzioa den Getxo talde indartsuak, biak Espainiako Kopan maila gorenetako partaideak, hirugarren postuan berriz Iruñako Anaitasuna eta atzetik Gasteizko Judizmendi eta Iruñako Amaya izan ziren.
Nesketan berriz lehen postuan Bizkaiako Getxo taldea eta bigarren Irungo Bidasoa XXI (hau Espainiako ohorezko mailako taldea). Atzetik berriz, talde nafar eta Gasteiztarrak eta Donostiako Fortuna talde gazte eta berritua oso paper txukuna eginez.
Balantzea bikaina aurtengoz, orain aste bateko atsedena izango da eta zergatik ez datorren urtean nesken taldea Espainiako Kopan lehiatzen ikustea amesteko unea iritsi zaigula oso harro esan dezakegu.