11:00etan izango dute lehen hitzordua, ordu horretan igerilari eta teknikariak Usabalen elkartuko baitira ikasturte berriko argazki ofizialak ateratzeko. Horretarako, taldeko arroparekin eta txanoekin joatea eskatu du klubak.
12:00etan, berriz, igerilekuan sartuko dira, familiarteko erreleboko txapelketa bat jokatzeko. Igerilariek senideekin parte hartu ahal izango dute: gurasoak, aiton-amonak, lehengusu-lehengusinak... Talde bakoitzeko lau igerilari izango dira, gutxienez, bi belaunaldi ezberdinekoak. Belaunaldi gehiagoz osaturiko taldeak sarituko ditu klubak.
Sari banaketaren ondoren, Bidegoxo jatetxean bazkaria egingo dute, 14:00ak aldera. Helduek 20 euro ordaindu beharko dituzte, eta haurrek erdia.
Bi formazio saio, aurrerago
Jai egunaren ondoren, igerilari eta gurasoei zuzendutako bi formazio saio antolatu ditu klubak. Lehena urriaren 23an, datorren asteartean, izango da. Klubarekin hainbatetan lan egin duen Kepa Diez kirol psikologoa ariko da egun horretan, 'Kirolarien prestakuntzan parte hartzen duten aldagai psikologikoak' hitzaldia eskaintzen.
Azaroaren 9an, berriz, elkarteko igerilari ohia den Iraitz Arrospide korrikalari billabonatarra izango da. Bere kirol ibilbidea izango du hizpide, igeriketa oinarri izanda. Besteak beste, bere formakuntza azalduko du, atzerriko bizia eta gaur egungo kirol esperientzia arrakastatsuarekin batera.