Denboraldi honetan, azken orduko erabaki bat dela medio txapelketa honetan parte hartzeko gutxieneko denborak ezarri ditu federazioak eta hori dela eta nahi baino taldekide gutxiagorekin izan ginen Azpeitian.
2006 eta 2007 urteetan jaiotako mutilak eta 2006an jaiotako neskak izan ziren lehiatutakoak. Guztiek goizean 50 tximeleta eta 100 bizkarfrogetan parte hartu zuten eta arratsaldeko jardunaldian, berriz, 100 bular eta 100 libre frogak osatu behar izan zituzten. Honetaz gain, mutilen taldetxoak goizean 4x50 libre eta arratsaldean 4x50 estilo erreleboan ere parte hartu zuten bietan oso paper duina eginaz.
Parte hartu duten igerilariak Irene Sagarna, Eider Duran, Markel Iraeta, Mattin Zubeldia, Iosu Zubillaga, Markel San Jose, Manex Zubeldia, Lukas Gurrutxaga, Iuri Tena eta Iker Altuna izan ziren eta guztiek euren marka hoberenak egin zituzten parte hartutako frogetan.
Eskualdeko igerilari aipagarriena Iosu Zubillaga ibartarra izan da, 2007an jaiotako mutilen artean 4. Postu orokorra eta bigarren postu bat eta bi hirugarren postu lortuta 3 domina eskuratuta etxeratu baitzen.
Lehen postuak eta sariak ez dira oso ugariak izan txapelketan, baina benetan harro itzuli ginen guztiok etxeko txikienak erakutsitako estilo txukun eta dotoreagatik, zalantzarik gabe etorkizunerako oinarri ezin hobea izango da hauxe.
Giro ezin hobea eta jarrera bikainak izan ziren igerilekuan eta baita eguerdiko tartean jatetxean ere. Esperientzia benetan ederra lehen aldiz maila honetako lehiaketa batean parte hartu duten igerilarientzat.