Domina eta sari ugari Gipuzkoako 50 metroko lehiaketan

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea IKT 2017ko otsailaren 14a

Bakarkako sari mordoaz gain eskualdeko txikiek taldeka eta mutilen sailkapenean bigarren egin dute eta benjamin-alebin erreleboan berriz hirugarren

Pasa berri diren bi asteburuetan igeriketa eskolako gaztetxoak 50 metrotako Gipuzkoako lehiaketa jokatu dute.

Lehenengo asteburuan, Otsailak 4, eskualdeko 100 gaztetxo inguruk Lasarteko igerilekuan izandako kanporaketetan parte hartu zuten. Bakoitzak estilo bat aukeratu eta 50 metroko froga egin behar zuen. Honetaz gain, prebenjaminek eta benjamin- alebinek osatutako erreleboak ere jokatu ziren.

Parte hartu zuten guztiek estilo bikainean igeri egin zuten, estreinakoz aritu zirenak bikain egin zuten eta beteranoak berriz konfiantza handiz igeri egin zuten. Giro polita izan zen eta arratsalde ederra pasata etxeratu ginen denok.

Guztira 33 igerilari eta kategoria bakoitzeko errelebo bana sailkatu ziren Legazpiko Bikuña igerilekuan igande honetan, Otsailak 12, jokatu ziren finaletarako. Gipuzkoako lehen hamabietan  sailkatu eta finalean egotea arrakasta bada ere izan ziren bakarkako saria  jaso zutenak ere. 

Bakoitza bere estiloan, hauek izan ziren bakarkako sariak; Joanes Ruiz, Markel Garmendia eta Unai Zubeldiak urrezko domina eskuratu zuten, Igor Arrigain eta Ibai Legarrak zilarrezko bana eta Iraia Otegi eta Maddi Matillak berriz brontzea eskuratu zuten. Honetaz gain benjamin-alebin kategorian eskualdeko taldeak hirugarren postua ere eskuratu zuen.

Villabona eta Tolosako igeriketa eskoletan egindako lana ari da pixkanaka bere fruituak ematen eta bi asteburu hauetako emaitzak ederki erakusten dute hori. Sailkapen orokorrean mutilen taldeak bigarren postua eskuratu zuen eta neska-mutilenak ere bigarren egin zuen.

Txikiek izandako zitaz gain taldeko bi gazte Euskadiko selekzioarekin autonomien arteko Espainiako txapelketan lehiatu dira. Kepa Oiartzun eta Maria Martin izan dira zita honetan parte hartu dutenak eta bakoitza bere denbora honenen inguruan ibili da. Biak asteburuan egindako lanarekin gustura etxeratu dira eta dagoeneko buru-belarri ari dira zita berriak prestatzen.

Azkenik aipatu taldeko gazte eta nagusiek  asteburu honetan Azpeitian ospatuko den Gipuzkoako txapelketan eta Inauterietan izango diren  Euskal Herriko txapelketetan  jarriak dituztela begiak, neguko zita garrantzitsuenak aste hauetan jokatuko baitira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!