Distiraz beteriko Paco Sanchez Saria

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea IKT 2016ko abe. 20a, 12:50

Pasa den larunbatean jokatu zen sarian giro paregabea eta igeriketa saio ezin hobea gozatzeko parada izan zen Usabalgo igerilekuan

250 igerilari gazteen ilusio eta pozak giro ederra sortu zuen Usabalen. Beroa izan zen nagusi harmailetan eta beroa izan zen  uretan ere.  Bildutako jendetzak pazientziaz itxaron zuen etxeko txikien erakustaldia gozatzeko eta saioa luzatu egin  bazen ere iluntzean txikien irribarreak guztion gozamena eragin zuen.

Zarautz, Azpeiti, Donosti eta eskualdeko txikiek urduritasunak alde batera utzi eta maila dotorean igeri egin zuten. Lehen aldietako negar zotinak, biraketetako arauak errespetatzeko nahia, estilo kuttunean igeri egiteko gogoa, alebinen esperientzia denak nahastu ziren larunbatean.

Benjamin txikiek 50 metroko erronkari ederki erantzun zieten, igel eta amuarrainak  pixkanaka estilo berriekin ere ausartzen direla erakutsiz. Izurdeak berriz estiloak txukun egiteaz gain koska bat gorago daudela nabarmendu zen eta  lasterketen abiadura eta estrategia lanak ere lantzen dituztela erakutsi zuten. Marrazoak berriz, maisutasun handiz estilo eta distantziak ederki menperatzen dituztela argi utzi zuten, eskolako azken maila izanik txikienentzat ispilu ezin hobea direla argi utziz.

Paco Sanchezen  familiak gogoz banatu zituen dominak eta beste urte batez hunkituta jaso zuten ikusleen txalo zaparrada eta aita eta aiton zutenari  egindako omenaldia. Tolosaldea IKT-k berriz errelebo nagusia irabazi zuen eta txiki guztiak pozarren jaso zuten Paco Sanchez garaikurra, beste urte batez etxean ongi gordeta geratuko dena.

Tolosa eta Villabonako Udalak, Kirolzer, Eceiza gozogintza, M.P kirol materiala eta Eroskiren laguntza ere ezinbestekoak izan ziren saioa antolatzeko eta arratsalde osoan zehar egindako zozketetan nahiz amaieran sariak banatzeko.

Bestalde eskualdeko igerilarien gurasoek ematen duten laguntza eta lanerako grina ere eskertu nahi genituzke lerro hauetatik.

Mila esker guztioi eta Zorionak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!