Asteburuan Tolosaldeak maila ezin hobea eman du parte hartutako lehiaketetan eta aurrez ezarritako helburuak lortu dira, bai Ordizian ospatutako Gipuzkoako Kopan eta baita Irunen izandako Euskal Herriko Kopan ere. Aipatu behar da, bakarkako emaitzei erreparatuaz Tolosaldeako hainbat errekor apurtu direla asteburuan, inoizko marka onenak egin direla hain zuzen ere.
Euskal Herriko Kopan eskualdeko emakumeak 5. postuan sailkatu dira, hasiera batean espero zena baina emaitza hobea. Erronka gainditu dute gure neskek eta datorren denboraldian ere maila gorenean lehiatuko dira. Aurretik Bidasoa XXI (Irun), Getxo (Bizkaia), Amaya (Nafarroa) eta Izarraitz (Azpeitia) taldeak sailkatu dira eta atzean berriz, Arabako Judizmendi edo Donostiako Fortuna bezalako talde indartsuak utzi dituzte. Orokorrean erregulartasun handia eta marka itzelak lortu dituzte neskek eta deskalifikazioren batek edo makalaldi txiki batzuk izan badira ere ez dute tentsioa eta kontzentrazioa galdu eta hiru urteren ondoren maila gorenean kokatu dira.
Gizonezkoak ere aurrez ezarritako helburua lortu dute eta 4.sailkatzea lortu dute. Aurretik Bidasoa XXI, Getxo eta Amaya sailkatu dira eta azken momentuan, azken erreleboan Judizmendi atzean uztea lortu dute puntu bakar bategatik. Urtero Arabarrekin lehia estua izaten dute etxeko mutilek eta aurten ere horrela izan da. Igande arratsaldea azken segundurarte tentsio bizikoa izaten da beti eta aurten ere zorionez, azken puntuak eskualdeko mutilen zakura erori dira.
Eskualdeko taldea oso zabala denez asteburu berean bi lehiaketatan parte hartzeko aukera ematen dio. Euskal Herriko Kopan lehiatzeko ez da oso talde handia behar izaten, ondorioz Gipuzkoako Koparako ere talde polita sortu eta Ordizian lehiatu da eskualdeko beste taldetxo bat. 14 igerilariz osatutako taldeak ere lan duina egin du Kopan eta sailkapen orokorrean 7. sailkatzea lortu dute. Orain arte eguneroko lana oso ona izaten ari dela erakutsi zuten igerilariek asteburuan eta talde oso gaztea eta esperientzia gutxikoa izanagatik ez ziren kikildu. Gazte hauek pixkanaka mota honetako lehiaketetan parte hartu eta ikasten joatea da helburua, denborarekin Euskal Herriko Kopa bezalako lehiaketetan muturra sartu eta talde nagusiko partaide izateko.
Igande gauean irribarrea zen nagusi igerilari, teknikari eta gurasoen artean eta bi taldeak elkartuaz ospakizunerako tartea ere hartu zuten guztiek.