ASTEBURU ERABAKIGARRIA EUSKAL HERRIKO IGERIKETARENTZAT

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea IKT 2016ko azaroaren 24a

Asteburu honetan jokatuko dira Euskal Herriko eta Gipuzkoako kopa txapelketak, Irungo Azken Portu eta Ordiziako majori kiroldegietan

Eskualdeko igerilarien aldetik berria emakumeen aldetik datorkigu,  maila galdu eta hiru urtera  Euskal Herriko Kopan lehiatzeko sailkatu baitira berriro ere. Beraz,  denboraldi honetan, biak,  Gizon eta Emakume taldeak Euskal Herriko beste 7 talde onenekin batera maila gorenean lehiatuko dira.

Kopa txapelketa denboraldiko txapelketa eder eta bereziena da, soilik taldekako sailkapena izaten duen bakarra baita. Asteburu osoko 4 jardunaldietan zehar taldekideak  estilo, distantzia eta errelebo guztietan parte hartuko dute txandaka  eta bakoitzean lortzen dituzten puntuak batuz azken sailkapena erabakiko da.

Aurrez begiratuta gizonezkoen taldeak ez luke arazorik izan behar maila mantentzeko eta bere maila ematen badu aurreko postuetan sailkatzea dute helburu. Emakumeen taldeak berriz erronka ederra du aurretik, lortutako maila mantentzeko lehia bikaina izango baita. Helburua lehen 6 taldeen artean sailkatzea izango da eta horretarako  beste 2 talde atzean utzi beharko ditu. Eskualdekoak  gazteen eta beteranoen artean oso talde borobila osatu dutelakoan  eta beste talde batzuetako gora beherak aztertuta hauxe izan daiteke maila gorenagatik borroka egin eta mantentzea lortzeko urtea.

Hala ere, gizon edo emakume, igerilariek tentsioa eta kontzentrazioa mantendu beharko dituzte asteburu osoan, edozein akats eta deskalifikaziok puntu asko galtzea eragin dezakeenez  erabakigarria izan baitaiteke.

Bestalde, Euskal Herriko Kopa txapelketan parte hartuko ez duten igerilariak Gipuzkoako Kopan lehiatzeko aukera izango dute.  Hauek ere, denboraldiko momentu honetara forma bikainean iritsi direnez helburu polita dute aurretik, norberak bere markak hobetu eta denboraldirako lortu beharreko gutxienekoak lortzeko aukera paregabea dute asteburuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!