Benjamin eta Alebinen erakustaldi ederra larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea IKT 2016ko aza. 8a, 10:57

Pasa den asteburuan arratsalde bikaina pasa genuen Tolosako Usabal kiroldegian. Saioa luzea izan bazen ere bertan bizitako giroa, gazteenen ilusioa, jarrera bikaina eta umore ona benetan aipagarriak dira

Jardunaldian  Villabona eta Tolosako igeriketa eskoletan aritzen diren  eskola kiroleko 36 Benjaminek eta 30 Alebinek parte hartu zuten. Kategoria eta adin bakoitzari egokituaz norberak bere distantzia eta estiloko frogan hartu zuen parte eta baita taldekako erreleboetan ere.

Ederki lehiatu zen igel eta amuarrainez osatutako Benjamin gazteen taldea bizkar estiloko frogan eta baita seiko kroleko erreleboetan ere. Askorentzat lehen aldia zen, baina denek  urduritasunak alde batera utzi eta estilo txukunean igeri egin zuten, hainbeste beldur eragiten duen biraketa zaila ederki ikasia dutela erakutsiaz.

Benjamin handiagoak berriz, bizkar eta bular estiloetan lehiatu ziren. Bizkar estiloko frogetan estiloa oso landuta dutela erakutsi zuten, baina benetako erakustaldia bular estiloan eman zuten. Azken hilabeteetan estilo hau fintzeko  egindako lana bikaina izan dela erakutsi zuten eta oso dotoreak izan ziren froga gehienak. Beraien saioa amaitzeko kroleko erreleboan parte hartu zuten, Gipuzkoako beste taldeen aurka lasterketa oso politak osatu zituztelarik. Eskualdeko izurdeen taldeak benetan izena ondo jarria duela erakutsi zuen, izurde txikiak bezala igeri egin baitzuten.

Arratsaldeko bigarren zatian berriz Alebinen  taldea osatzen duten izurde eta marrazoek parte hartu zuten. Hauek ere bizkar eta bular estiloetan lehiatu ziren, baina adinez ere nagusiagoak direnez froga luzeagoetan parte hartu zuten. Benetan kalitate handiko frogak ikusi ahal izan genituen eta zortzinakako neska mutilez osatutako erreleboa zoragarria izan zen. Nabari zaio Alebinen taldeari  esperientzia eta konfiantza irabazten ari dela, helduen mailan aritu baitziren larunbatean.

Igerilarien jarrera eta lana goraipatzekoak badira ere, ez da gutxiagorako arratsalde osoan lanean jardun zen guraso boluntario  taldearena. Lan handia egin zuten hauek ere,  esatari, kronometratzaile, muntatzaile … denetik behar izaten da gure txikiak horrelako saioetan parte hartu eta gozatzen ikusteko eta hauek ere etxeko txikiek bezala ohorezko matrikularekin amaitu zuten saioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!