GAZTEENAK BUKATZEN ETA NAGUSIAK BERRIZ DENBORALDIKO ZATI GARRANTZITSUENEAN MURGILDUTA

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea IKT 2016ko eka. 14a, 10:19

Asteburu honetan eskolarteko igerilarien azken txapelketa jokatu da Ordizian eta federatuak berriz Irunen lehiatu dira Gipuzkoako txapelketaren atarian

Igeriketa eskolako igerilariak Ordiziako Udaberri Gaztea sarian lehiatu ziren larunbat arratsaldean. Guztira 65 igerilarik parte hartu zuten, bakoitzak estilo bakarrean igeri egin zuelarik. Benjamin txikiek 50 metroko froga bakarra egin zuten eta gainontzekoek berriz 50 eta 100 metrotako bi frogetan parte hartu zuten.

Urduritasun eta emozio handiko arratsaldea izan zen larunbatekoa, lehen aldiz taldearekin parte hartzen zuten igerilariak zeuden eta baita denboraldia amaitzeko orain arteko erronka handiena aurretik zuenik ere.

Eskualdeko gaztetxoak igeri egiteko modu dotoreagatik eta teknika landuagatik nabarmendu ziren batez ere eta honetaz gain hainbat domina eskuratuta itzuli ziren asko etxera. Arratsalde luzea eta beroa izan zen baina lana ongi eginda, giro paregabean, sari eta gozokiak eskuratuta, pozik itzuli ziren guztiak etxera. Zorionak eskolako igerilari eta guraso guztiei!

Bestalde, Irungo Azken Portu kiroldegian San Marcial Saria jokatu zen larunbat arratsaldean. Bertan Igeriketa talde nagusiko gazteak parte hartu zuten. Gipuzkoa eta Euskal Herriko txapelketen atarian azken froga izan zen hau eta esan behar helburuak beteta itzuli zirela ia guztiak.

Askok urtean zehar gutxiago egindako frogak igeri egin zituzten eta ia guztiek marka pertsonal berriak lortu zituzten. Beste batzuk berriz Euskadi edo Espainiako gutxienekoak lortzeko borrokan gogor ari dira eta larunbatean hauetako batzuk ere lortu zituzten.

Balorazio oso positiboa eginda itzuli ziren guztiak etxera, asteburu honetan Azpeitian jokatuko den Gipuzkoako Txapelketaren atarian etxeko lanak ongi eginda daudela sinetsita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!