Asteburuan eskualdeko igerilari gehienek denboraldian zehar egindako lana plazaratzeko aukera izan dute eta askok amaiera bikaina eman diote denboraldiko neguko atalari.
Villabona eta Tolosako Benjamin eta Alebinak Andoainen lehiatu ziren larunbat arratsaldean eta orain arteko erakustaldi osoena ikusteko aukera izan genuen. Benjaminek krol eta bizkar estiloan igeri egin zuten eta ikasi duten guztia dotorezia handiz erakutsi zuten. Alebinek berriz bular, tximeleta eta bizkar estiloetan parte hartu zuten. Konfiantza hartu dutela nabari zaie eta tximeleta bezalako froga gogorrari ere gogotsu erantzun zioten.Jarrera eredugarria erakutsi zuten beste behin ere eta gustura itzuli ziren guztiak etxera.
Taldeko 4 Juniorrak Iruñean jokatutako Euskal Herriko lehiaketan parte hartu zuten. Bakoitzak bere marka pertsonalak hobetu edo berretsi zituzten eta beraz neguko helburua beteta itzuli zen taldea etxera. Gainera, 6 domina eskuratuta itzuli ziren gazteak, 4 urre eta 2 brontze alegia. Lan ederra Leire Erbiti, Kepa Oiartzun, Lorena Peña eta Uxue Zabalak Iruñean egindakoa. Ziur udako denboraldiari indarrez heltzeko konfiantza emango die asteburuko txapelketak.
Bi lehiaketa hauetaz gain Tolosan infantil mailako Euskal Herriko txapelketa jokatu da. Eskualdeko taldea 9 igerilarirekin lehiatu da eta azpimarragarriak izan dira lortutako emaitzak.4 jardunaldietan igerilariek bakoitzaren marka pertsonalak hobetzea lortu dute eta batzuk gainera izugarrizko hobekuntza egin dutela garbi erakutsi dute. 3 urrezko domina eta bi zilarrezko eskuratu zituen taldeak, baita hainbat 4.postu ere. Talde osoak izugarrizko lana egin du Irailean hasita, konpromiso eta seriotasun handiz lan egin dute eta pixkanaka konfiantza handiagoz lehiatu dira. Neguko lana eta lortutako emaitzak oinarri bikaina izango dira udako denboraldiari gogotsu heltzeko eta askok emaitza hauei esker helburu eta erronka berriak ezarrita ekingo diote.