Asteburu honetan izan dira kopa txapelketak, taldeka igeriketan jokatzen diren txapelketa bakarrak. Eskualdeko mutil absolutuen taldea Galdakaon jokatu den Euskal Herriko kopan lehiatu da, Euskal Herriko 8 mutil talde honenen artean kokatutako taldea baita. Neskak berriz Gipuzkoako kopan lehiatu dira eta taldeko mutil infantilak ere hauekin izan dira Bergaran jokatutako txapelketan.
Galdakaon 3. Postua lortu dute etxeko mutilek, iazko 2. Postua ezin berdinduta. Orokorrean iaz bezain ongi edo hobeto egin dute igerilariek, denbora asko berdindu eta hobetzea lortu baitute, baina aurtengoan aurrekoak ere bikain aritu dira. Aurrez garbi ikusten zen Irungo Bidasoak eta Iruñeko Amayak akatsik egin ezean lehen bi postuak eurentzat izango zirela eta horrela izan zen. Hortik aurrera berriz gauzak askoz estuago egon ziren eta mutilak Gasteizko Judizmendi taldearekin azken momentu-arte lehia bikaina izan zuten. Igande arratsaldeko erreleboa erabakigarria izan zen eta etxekoek hutsik egin ez zutenez 2 puntu eskasengatik 3. Postuan sailkatzea lortu zuten. Beraz, gaur esan daiteke Tolosaldea I.K.Tko mutil taldea Euskal Herriko 3.talde onena dela.
Nesken taldea eta taldeko mutil infantilak Bergaran lehiatu ziren eta txapeldun izatea lortu zuten iazko bigarren postua hobetzea lortuz. 3 hilabete hauetan izandako konpromisoa eta egindako lan gogorra emaitzak ematen hasia da eta horren ispilu da ia denek bakoitzaren markak hobetu izana. Gainera lehen postu honi esker eta nesken taldea hartzen ari den indarrarekin datorren urtean mutilekin batera Euskal Herriko kopan lehiatzea lortzeko helburua gero eta gertuago ikusten dute etxekoak. Larunbatean Eibarko Urbat taldearekin puntuka tarte txikia izan zen, baina igandeko errelebo eta froga indibidualei esker tartea handitzen joan zen eta azkenenean etxeko neskak txapeldun.
Bi emaitza ezin hobe hauetaz gain taldeko mutil infantilen lana ere aipagarria da. Gutxi izan dira Bergaran lehiatutako mutilak baina lan oso ona egin dute eta euren denborak hobetuaz lortutako puntuei esker Tolosaldea I.K.T Gipuzkoako kopan 3. Sailkatu da.
2015 urteari agur esateko eguberritako sari internazionala soilik geratzen da egutegian. Abenduak 29an Ordizian jokatuko da eta taldeko igerilariak bertan izango dira. Batzuk Tolosaldea I.K.T ordezkatuko dute eta beste batzuk Euskal Herriko selekzioa.