Eskolako igerilariak orain arteko Gipuzkoako liga jardunaldiak albo batera utzi eta larunbat honetan Tolosako Usabal kiroldegian jokatutako XVI. Paco Sanchez sarian parte hartu dute. Azken asteetako liga jardunaldietan bezala igeriketa estilo dotorea erakutsi dute denek eta horretaz gain talde giro aparta eta jarrera ezin hobearekin aritu dira guztiak.
Villabonako eta Tolosako igeriketa eskoletako Benjamin eta Alebinek parte hartu dute sarian eta 4 estiloetan 50 eta 100 metroko distantzian eta 200 estiloetan lehiatu dira. Bakarkako lanean lehen aldiz aritutakoak bikain aritu dira eta gainontzeko gehienak berriz marka pertsonal berriak ezarrita etxeratu dira.
Sari nagusia 12x50 libre errelebo bidez erabaki da eta honetan etxeko taldea irabazlea izan da. Talde orekatua osatu da erreleborako eta gainontzeko igerilari guztien animoen laguntzaz beste taldeen aurretik iristea lortu du.
Bestalde taldeko nagusienek, infantil, junior eta absolutuek asteburu honetan dute orain arteko zita garrantzitsuena. Liga jardunaldiak albo batera utzi eta emakumezkoen taldea Bergaran jokatuko den Gipuzkoako kopan lehiatuko da eta gizonezkoena berriz Galdakaon jokatuko den Euskal-Herriko kopan.