Taldea goraka doa

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea IKT 2014ko abenduaren 2a

Hirugarren liga jardunaldia jokatu da Ordizian. Talde nagusiak maila ona eman du, astetik astera fisikoki punttu hobean daudela erakutsiaz.

Pasa den larunbatean igeriketa ligako hirugarren jardunaldia jokatu zen Ordizian. Oraingoan, azken orduko gaixotasun eta ikasketak direla eta talde parte hartzailea denboraldiko txikiena izan zen.

Tolosaldea I.K.T taldeko infantil, junior eta absolutuek itxura ederra eman zuten beste behin ere, neguko zita garrantzitsuenetara begira lanak txukun egiten ari diren seinale.

Nabarmentzekoa da infantilen taldeak orain arte egindako lana, ia igerilari infantil guztiak gipuzkoako txapelketarako gutxieneko denbora lortu baitute. Gipuzkoako txapelketa zita garrantzitsua izango da eurentzat eta bertan parte hartzea orain artekoaren ordainsaria.

Bestalde, junior eta absoluto mailako igerilarien artean gizonezkoen lana azpimarratzekoa da. Prestakuntza lan handiari esker azken asteetan maila handiko froga eta denborak ikusten ari gara, besteak beste asteburu honetako errelebo ederra aipagarria da. Hala ere, epaileen erabaki zorrotz batek kanpoan utzi zuen erreleboa. Emakumezkoei dagokienez pixka bat gehiago kostatzen ari zaie. Batzuk maila handiko denbora eta lanak egiten ari badira ere, beste batzuk erregulartasun eta konfiantza punttu bat falta dute oraindik. Dena den, neguko zita garrantzitsuenetara sasoian iristeko lan eginaz lortzeko moduan dira.

Taldea orokorrean ondo ari da lanean, beraz zorionak guztioi eta animo datozen erronketan!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!