Giza katea 2018

Guztiok eman behar diogulako eskua etorkizunari

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Gure Esku 2018ko eka. 5a, 17:19

Erabakitzeko eskubidearen alde, Euskal Herriko historian egingo den mobilizaziorik handiena izango da igande honetakoa. Eta zu, etxean geratuko zara?

Astelehena, atzo. Gaur, asteartea. Bihar, asteazkena. Etzi pintxo-potea... Ei, esnatu! Bost egun besterik ez dira geratzen egun handirako. Egun handia, bai. Euskal Herriko eta Euskal Herriaren historian egin den mobilizazio handiena burutzeko eguna. Orain arte buruan genuen ideia irudikatu, eta guztion ametsa errealitate bihurtzeko jai handia ospatuko da. Etorkizuna marraztuko dugu igandean. Beraz, bost egun besterik ez zaizkizu geratzen, izena eman ahal izateko.

Izan ere, eskualdean erronka handi bat ezarri genuen urte hasieran: 4.500 herritar behar genituen Tolosaldeari egokitutako 9 kilometroak osatu ahal izateko. Hala ere, zifra horiengandik urrun gabiltza oraindik, eta beharrezkoa da zuek guztion laguntza, guztiona delako erabakitzeko eskubidea. Nirea, zurea, gurea. Ahalik eta herritar gehienok elkarri eskua emateko, beharrezkoa zara. Kilometro bakoitzean beharrezkoak diren herritar kopurua lortzeko erronka betetzeko bidean gara. Baina, horretarako zer egin?

Oso erraza da. Tolosaldeko Gure Esku Dagok, Tolosako Agintari Kaleko 5. zenbakian duen dendara joan, eta bertan izena eman, 5 euroren truke. Izena ematearekin batera, giza katean parte hartzeko baliagarria izango zaizun zapia jasoko duzu. Bestela, sarean ere eman daiteke izena, https://gizakatea.gureeskudago.eus/ webgunean, edo larunbatean Trianguloan jarriko dugun postuan. Gogoratu, 16 urtetik beherakoek, HAURRA bezala eman behar dutela izena.

Aste honetan, egunero, arratsaldeko 18:00etatik 20:30era egongo da zabalik alde zaharrean kokatuta dagoen denda, baita larunbatean ere, 10:00etatik 13:00etara. Handia egitera goaz. Sekulakoa egitera goaz. Izugarria egingo dugu. Eta zu ere horren parte izango zara. Dudarik gabe, galdu ezin duzun ekitaldia izango da igande honetakoa. Beraz, eskualdeko herritarrok badugu erronka bat eskuartean. Guztiak nahi zaituztegu Elgoibarren.

Elgoibarren, bai. Debabarrenako herrian tokatu zaigulako, aurten, giza kateko gure zatia osatzea. Beraz, badakizue. Duela lau urte trenez Lazkaora joatea erraza izan zen bezala, aurten, are errazagoa izango da giza katearen ibilbidera gerturatzea. Nola? Kilometrora bertara gerturatuko zaituen autobusari esker.

Horregatik, ezinbestekoa da autobuserako tiketak aste honetan dendan erostea. Autobusez garraiatzeko, gainera, bi aukera dituzue. Batetik, Elgoibarrera joan, eta hura amaitu bezain laster, bueltan Tolosara itzultzekoa. Bestetik, berriz, Giza Katean parte hartu ondoren, Donostian burutuko den herrialdeko festa nagusira joango den autobusa hartzeko aukera izango da. Bertatik, ordea, norberak bilatu beharko du etxera itzultzeko modu egokiena. Bi aukeretarako tiketak 7 euroren truke eros daitezke.

Autoz joateko erabakia hartzen duzuenok, jakin, aukera duzuela, baina gero bertan, baliteke autoa uzteko zailtasunak izatea. Autoan joaten zareten horiek, gainera, kontuan izan zuen kilometroaren zenbakia idatzita eramatea autoaren aurrealdean, antolatzaileek batera edo bestera bideratzeko erraztasunak izan ditzaten.

4.500 herritar biltzeko apustua egin genuen, eta oraingoz kopuru horren erdia baino ez dugu lortu. Beraz, izena lehenbailehen ematea eskatzen dizuegu. Kontuan izan behar da duela lau urte 6.300 pertsonatik gora izan ziren Giza Katean. Beraz, nahikoa lan dugu oraingo honetan.

Eman eskua etorkizunari!

Gure esku dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!