'Haragi' topaketaren harira

Erabiltzailearen aurpegia Kimera Tolosaldea Antiespezista 2018ko apirilaren 28a

Kimera Tolosaldeko Antiespezista taldeak idatzia kaleratu du Tolosan ospatzen ari den Txingarraren eta Haragiaren I. Nazioarteko Topaketa dela eta.

Espezismoa, sexismoa edo klasismoaren pareko zapalkuntza bat da, non gizakiak gainontzeko animalien gainetik gaudela pentsatzen den. Espezismoak, norbanako bat beste espezie batekoa izate hutsagatik diskriminatzen du.

Gaur Tolosan “Haragi” ekitaldia “ospatu” da, eta Kimera talde antiespezistako taldekideok honen aurka gaudela salatzen dugu. Batetik, “festarako” erabiltzen diren animalien interesak ez direlako kontutan hartzen, eta bestetik zapalkuntza guztien aurka gaudelako.

Animaliek egiten diegun guztia sentitzeko ahalmena dute eta agentzia dute. Filosofiak dioenez, agentzia, egoera baten aurrean erantzun bat emateko gaitasuna da. Hau honela izanik, horrelako ekitaldietan animali ez gizakien interesak zapalduak dira behin eta berriz.

Argi dago haragiaren industriaren trikimailu bat horrelako “festak” antolatzea dela, izan ere, mugimendu antiespezistak eta herritar asko ez gaude honelako ekitaldiekin ados. Haragi “festa”ren helburua, gizakien gozamenerako gainontzeko animalien erabilpena da, hau normalizatuz, erreproduzituz eta sustatuz; eta bide batez, honen aurka gaudenoi inbisibilizatuz. Haragiaren industriaren atzean interes asko daude, eta industria honek etekinak ateratzea besterik ez du nahi. Horretarako, animaliak giltzaperatu, torturatu, eta erailko ditu. Beraz, espezismoa kapitalismoarekin lotuta daudela esan dezakegu.

Bada garaia gure ohiturak eta tradizioak zalantzan jartzeko; ohitura bat beste norbanakoen sufrimenduan oinarritzen bada, gizarte bezala ohitura hau kuestionatu beharko genuke, arazo larri bat dagoela salatuz. Beharrezkoa da inor zapaldua ez den alternatibak bilatzea eta sortzea, zapalkuntzarako lekurik gabekoak.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!