[GUTUNA] «Pintaketen harira»

Erabiltzailearen aurpegia Tolosa_Ernai 2017ko urt. 6a, 10:56

Tolosako Ernai Gazte Antolakunde gisa, aurreko astean Tolosako talde feminista batek egin zituen pintaden harira, gure iritzia plazaratze asmotan honako hau irizten diogu:

Lehenik eta behin aipatu, egileek ere esan duten moduan honako ekintza hau ez dagoela merkatari txiki hauen aurka joateko burutua, sistema oso baten aurka baizik, eta gu ere ideia horrekin bat gatoz. Hasteko, esaldi horietan fokua jarriz eta ez moduetan, bisuala da autodefentsa jarrera bat islatzen dutela, sistemarekiko autodefentsa hain zuzen ere. Egun bizi dugun eredu kontsumista honen biktimak dira emakumeak. Zergatik? Eredu hori interes jakin batzuetan oinarritzen delako, non emakumeen estereotipazio jakin bat bermatu nahi den. Egun saltzen den kanon ideal hori bete nahian eta emakumea objetibizazio horretara eramanez, merkatari handi, nahiz kasu honetan txikiek, interes jakin hauetan oinarritzen diren produktuak salduko dituzte.

 

Irakurri zein entzun izan diren hainbat ideiei erantzunez, ez zaigu iruditzen feminista hauek denda hauetako arropak baztertzen dituztenik edota hauek janztea galarazten dutenik. Helburua ez da produktu hauek merkatutik kentzea, izan ere, edonork du aukera nahi duen kolore zein estilora janzteko, baina ez dugu ahaztu behar tamaina, gustu eta joera ezberdineko pertsonek osatzen dugula gizartea. Beraz, hau esanda, zergatik ez da aniztasuna errespetatzen? Zergatik saltzen dituzte merkatari hauek ere estereotipo jakineko arropa zein kosmetikoak? Agerikoa da zergatia. Sistema kapitalista heteropatriarkalaren estrategietako bat baita hainbaten artean, emakumeen irudi ideal horien erreprodukzioa egitea, eta agerian uzten dute pintaden egileen sistema oso baten aurkako aldarrikapenek “lodifobiarik ez!” edota “kontsumismo matxistarik ez” bezalako esaldiak jartzen dituzten unean.

 

Erabili diren borroka moldeei erreparatuz, hauen aldekoak garela esango genuke. Izan ere, jendartea pentsatzera edota aldaketara bideratzeko borroka molde egokiak iruditzen zaizkigu. Inpaktu bat sortzea beharrezkoa dela deritzogu sistema kapitalistaren ezkutuko asmoetan oinarritzen den gaiaz kalean hitz egiteko. Aldaketa hori bideratzeko kalean eragin behar dela deritzogu. Eta honako borroka moldeak feministak ez direla esaten duten horientzat esan, feminismoaren ibilbide historikoa Euskal Herrian zehar zabaldu zen unetik aldarrikapenez josia dagoela. Ahaztu al dugu 70. hamarkadan asanbladak, itxialdiak, manifestazioak edota bide mozketak egiten zituztela? Emakume guztiek batuta abitu zuten borroka, batasunaren ideia eta balioa gailendu zen, eta batasuna bururaino eramanez bete zituzten bilera-gelak, kaleak, elizak... Urte gutxiren buruan abangoardiako mugimendu bihurtu zen, kalean eta herritarren ideologietan eragin zuzen izan baitzuen. Hori dela eta, garai horretako feministak eta denon ahotan dauden feminista hauek ere, ikusezinak ziren eta diren gaiak ikusgarri egitea dute helburu.

 

Honako ekintza hau lotsagarria dela esaten duten horiei erantzunez, lotsagarria ez da ezabatzen den pintura morez aldarri bat zabaltzea kristal lodi batean, lotsagarri bezala identifikatu beharrekoa urtea hasi orduko bi emakume erailduak izatea da, eta era berean honen inguruko aldarrikapenik ez ikustea sare sozialetan zein kaleetan. Hizbide gehiago izan du gau bateko kontu honek, sistemari kontra egiteko modu zilegi honek, bi emakumek aukeratu ez duten heriotzak baino. Zergatik? Beraien erailketak ez dutelako zeresanik gure herriak izan dezakeen itxuran, ez duelako influentziarik, hau gertatuta ere gure kaleak berdin-berdin garbirik jarraituko dutelako. Kaleak ez agian, baina seguraski gure herrietako hainbat etxeetako paretak odolez margoturik ikusiko ditugu. Ordea, bertan ez dago idatzirik, ez eta kritikarik. Mundua aldatzearen alde egiten duten feministak salatzea erreza da, ez ordea egunero emakume orok jasaten duen jazarpena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!