Oinarrizko kopa: jubenilen bikaintasuna eta kadeteen urrea
Txapelketa ostegunean hasi zen oinarrizko mailako taldeen lehiaketarekin. Goizean goiz, jubenil taldeko Lujan Diez, Maren Alonso, Ellen Mills, Enara Jaka eta Uxue Ormazabal gimnastek xingola eta uztaiekin ariketa borobila borrokatu zuen. Lan bikain horri esker, bosgarren postua lortu zuten, brontzezko dominatik oso gertu geratuz eta denboraldia modu ezin hobean itxiz.
Jarraian, kadeteen txanda iritsi zen. Urduritasunak urduritasun, Henard Penillak, Aiuri Sudupek, Maddi Asenjok, Intza Aldasorok eta Irune Diegok erakustaldi aparta eman zuten tapizean. Iazko lorpena errepikatuz, urrezko domina bereganatu eta Espainiako txapeldun izendatu ziren berriro ere.
Maila absolutuan: zilar historikoa eta lehen mailako indarra
Igandean maila goreneko lehiaketen txanda izan zen, eta tolosarrek ez zuten hutsik egin. Senior taldeko Ibai Lekue, Olaia Etxeberria, Irune Suarez, Naroa Asenjo eta Nahia Esnaolak mugarri bat jarri zuten klubaren historian. Lehen aldiz talde misto batean parte hartuz, uztai eta pilotekin arrisku handiko ariketa ausarta aurkeztu zuten. Lan horrek saria izan zuen: Espainiako txapeldunorde bilakatu ziren eta beren ibilbideko lehen nazioarteko zilarrezko domina eskuratu zuten.
Txapelketa ixteko ardura lehen mailako Arene Amondarain, Ane Iraola, Uxue Morea, Haizea Aldasoro eta Aroa Madinak izan zuten. Espainiako gimnasta onenen aurka neurtu ziren, eta argi utzi zuten elitean lehiatzeko dohainak dituztela. Sailkapen orokorrean zortzigarren postua eskuratu zuten, maila horretan egoteak eskatzen duen lan eskerga eta kalitatea erakutsiz.