Tolosa CF-ko gimnastek Espainiako Txapelketa «bikaina» egin dute

Erabiltzailearen aurpegia Tolosa CF Gimnastika 2019ko abenduaren 6a

Asteburuan izan dute denboraldiko txapelketa garrantzitsuena Tolosa CF-ko gimnastek, Zaragozan egin den Espainiako taldekako txapelketa.

Bi talde izan ziren bertan. Alde batetik, Aitane Goikoetxea, Ismene Agirre, Ane Alustiza, Mara Herrera eta Onintza Sukia gimnastek osatutako junior taldea. Maila horretan lehen Espainiako Txapelketa izan dute. «Lan bikaina egin dute denboraldi guztian zehar, eta bertan ez da gutxiago izan», azaldu dute taldetik. Ostiralean hirugarren postuan amaitu zuten, eta larunbateko «ariketa ikusgarri batekin» sailkapen orokorrean Espainiako txapeldunorde izan ziren. Horrekin batera, lehen mailako igoera bermatu zuten, «eta igandeko finalean berriz ere ariketa zoragarri batekin zilarrezko domina etxera».

Lehen mailako taldea osatzen duten, Iratxe Martin, Irati Xiaoyan Agirre, Saroi Eskisabel, Anne Lezea eta Joane Zugastik «gogoz defendatu zuten bere lana». Hori gutxi ez balitz, lehen mailan mantentzea lortu dute 18 talderen artean seigarren postua eskuratuz. Gainera, igandeko finalean bosgarren izan ziren. «Zoragarria izan da gimnasta eta entrenatzaileek denboraldian zehar egin duten lana», nabarmendu dute gimnastika taldetik.

Gipuzkoarren Saria

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Kirolgalan, Tolosa CF-ko lehen mailako gimnastek Gipuzkoarren Saria jaso dute aste honetan. Herri bozketaren bidez banatzen da sari hori. Bi astetan egindako herri bozketak lau mila pertsona baino gehiagoren parte hartzea izan duela nabarmendu dute aldunditik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!