Tolosa CF-ko gimnasta infantilak taldekako kopan txapeldunorde

Erabiltzailearen aurpegia Tolosa CF Gimnastika 2018ko azaroaren 15a

Pasa den asteburuan, Tolosa CF-ko senior eta infantil taldeak Murtzian ospatu zen taldekako kopan parte hartu zuten.

Goizean goiz, Onintza, Aitane, Mara, Ismene, Ane eta Carlaren txanda izan zen. Txapelketa ez zen batere erraza, izan ere, lehen postuan zegoen Palas taldeak izugarrizko ariketa aurkeztu zuen. Baina infantilak ez ziren gutxiago izan. Urduritasuna kontrolatuz, gaztetasuna alde batera utzi eta beren ariketa ausardiaz defendatzeko gai izan ziren. Zoragarria izan zen tapizean aurkeztutako lana, eta horrekin maila goreneko beren lehen zilarrezko domina leporatu zuten.

Jarraian, seniorrak beren lana erakustera azaldu ziren. Joane, Saroi, Iratxe, Anne eta Irati Xiaoyan txapelketako maila altuena zegoen kategorian parte hartu zuten, senior mailan. Heldutasuna eta esperientzia nabaria izan zen arren, oraingoan ez zuten beren ariketa guztiz aurkezteko aukera izan. Hala eta guztiz ere, 26 taldeetatik laugarren izan ziren.

Neskak beren emaitzekin, eta Euskal Herriko beste taldeekin batera, Euskal Herria autonomia bezala, taldekako koparen sailkapen orokorrean hirugarren postura eraman zuten.

Txapelketa honetara iristeko bidea ez da erraza izan, beraz, parte hartzeko txartela lortu izana sari bikaina da. Hurrengo astean, Bilbon ospatuko den Euskalgym galan eta txapelketan izango dira. Galan, nazioarteko gimnastekin tapiza partekatzeko aukera izango dute.

Amaitzeko, denboraldiaren itxiera, Iruñeko Nafarroa Arenan izango da, Espainiako taldekako txapelketan, abenduak 15 eta 16ean.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!