Nazioarteko baserritar azoka esanguratsuen artean, Tolosakoa

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Zabala 2016ko abe. 29a, 09:29

Azoken dinamikotasunak, agerian uzten du gizartearen bilakaera etengabea eta hauen egokitzapen gaitasuna.

Igaro berri da Tolosako Gabonetako Azoka Berezia. Neguko solztizioaren gerturatzearekin batera, baserritarren azokaren zikloa ixten duen garai berezia da. Kalitatezko bertako eta garaiko produktuak merkaturatzeko azoka garrantzitsua izaten da baserritar zein kontsumitzaileentzat.

Azokak, elikagaien salerosketarako gune izateaz gain, herritarren arteko elkarrekintza sozial eta kulturalerako espazio publiko ere badira. Azoken erromantizismorako joera nabarmena da gure gizartean, eta horren adibide da azokaren irudi betikotua, museo-bizidun gisakoa eta landa-eremuari uztartutako diskurtso hedatua. Praktikan ordea, gaur egungo azoken izaera aktiboa, egungo erronkei egokitzen dabilena dimentsio ekonomiko zein sozial-kulturala indartzen duenarekin topo egiten dugu.

Gizartearen bilakaerak berarekin ekarri ditu, elikadura ohituren aldaketa, familia egitura berrien sorrera, emakumearen lan munduratzea edota kontsumo ohitura eta elikadura diskurtso berrien sorrera, besteak beste. Lehen sektorearen eta landa eremuaren garapen eta bilakaera etengabearen isla dira azokak. Azoken dinamikotasunak, agerian uzten du gizartearen bilakaera etengabea eta hauen egokitzapen gaitasuna.

Hirigintza jasangarriaren diskurtsoa gogora ekartzen badugu, ezinbestean oinarrizkoak diren ondorengo printzipioak aipatu beharrean aurkitzen gara: gertutasuna, irisgarritasuna, aniztasuna, bizitasuna, kalitatea eta elikadura subiranotasuna, justizia soziala, ohitura eta usadioen biziraupena dira azpimarratu genitzaken ezaugarri nagusietako batzuk. Tokian tokiko azokak, komertzio txikiarekin batera, bizimodu urbano jasangarriaren bizkarrezurra eraiki eta osatzen dute.

Eredu komertziala etengabeko eraldaketa batean murgildurik dagoen garai honetan, elikadura eta kontsumo eredu eta ohiturak ere bide bera darrai. Errealitate honen aurrean, estrategikoak bilakatu dira tokian tokiko azoka tradizionalen onura eta abantailak. Bertako produkzioa, jatorriari loturikoa eta hauen kontsumoren sustapena da, produktuen kalitatearen bermearekin batera, azoka hauen ezaugarri nagusi eta baliorik ahaltsuena. Halaber, aspektu kultural, sozial, ingurumen edota ekonomikoak, osasuna eta lurralde orekari dagozkionak ere ezin ahaztu.

Garapen sozio-ekonomikoaren baitan elementu garrantzitsu bezain esanguratsuak dira azokak, hainbat sektoreetan. Hala, ostalaritzan, merkataritzan edota zerbitzuetan sortzen duten zuzeneko zein zeharkakoa eragin ekonomikoa aintzat hartzekoa da, tokian tokiko sustapen ekonomikoaren testuinguruan.

Nekazal-elikagaien sektorean, azokak, ezinbestekoak ditugun gune publikoak dira. Eskualdeko abeltzaintza, artzaintza eta baratzezaintzak ekoiztu eta eraldatutako, tokiko eta sasoiko produktuak balioan jartzearekin batera, landa eremuaren garapenean elementu garrantzitsuak ditugu.

Tokiko ekoizpenetik, ekoizleengandik zuzenean eratorritako bertako produktuen merkaturatze bide laburrak ditugu. Kontsumitzaileari, produktuaren jatorria, bertakotasuna eta kalitatea bermatu ahal izateko, baserritar eta ekoizleekin batera dihardugu elkarlanean. Hartara, bertako produktuen garaian garaiko eskaintza, baserritarrak ekoiztutako kalitatezko produktuen sustapena eta berauen identifikazioaren bermea ditugu ardatz.

Modu honetan, tokian tokiko nekazal elikagaiak balioan jartzeaz gain, jatorria, kalitatea, elikagai-segurtasuna eta gardentasuna bermatu nahi zaizkio kontsumitzaileari. Izan ere, nekazal elikagaien informazioa helarazi eta ezagutza transmititzea oinarrizkoak dira, bertako produktuen berme eta kontsumoari begira. Lanketa honetan dihardugu, eta horixe sustatze aldera nekazal-elikagaien erakusketa eta lehiaketak ere gauzatzen dira.

Pasa den Tolosako Gabonetako Azoka Berezian, Nekazal-elikagaien lehiaketan, epaimahaiak eginiko balorazioak ere ildo horietan oinarritu dira. Besteak beste, produktuen jatorria eta kalitatea, produktuen barietatea eta postuaren aurkezpena baloratu dituzte. Produktuen freskotasuna, heldutasuna, osasun egoera, neurria eta jatorriaren identifikazioa kontutan hartzearekin batera, barietatea, produktu, prezio eta postuaren identifikazioa, antolaketa eta itxura izan dira epaia deliberatzeko erabilitako irizpideak.

Horrenbestez esan, Tolosako Azoka, bizi-bizirik dugun kultur ondare garrantzitsua dugula. Bertako produktuen eskaintza paregabea eta berau osatzen duten baserritarrekiko harreman zuzenak aitortzen dio Tolosako Azokari dagokion balio erantsia. Honek, baserritar nekazal-elikagaien nazioarteko azoka esanguratsuen artean kokatzen du Tolosako Azoka, kultur ondare ukiezin izendatutako azoken maila bertsuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!