Udazkeneko uztak balioan jarriz

Erabiltzailearen aurpegia Iker Karrera 2016ko urr. 1a, 09:53

Udazkenean sartu gara. Eta berarekin batera, soro eta baratzeetako uzta bilketako garairik oparoenean gaudela esan liteke. Gure lurraldearen eta klimaren ezaugarriek baldintzatzen dituzte, soroetako uztak. Historikoki, hemengo soroen uzta, ugaria kopuruan eta motetan izan ohi zen. Gero, industrializazioaren garapena eta esne behien nagusitzearekin, soro gehienak belardi bihurtu ziren.

Azken urte hauetan ordea, belardi asko berriro soro bihurtu dira, kasu honetan, ordea, ganaduarentzat bazka ekoizteko. Arto berdearen landaketaz ari naiz. Kanpotik bazka erostea garesti, geroz eta garestiago ateratzen zaie hemengo baserritarrei eta bertako soro eta belardiei ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatzen ari dira. Baina inolaz ere, ezinezkoa izango zen azken urte hauetan landaketa honek izan duen garapena, baserritarrak beraien artean lanak egiteko antolatu izan ez balira eta zerbitzuak antolatu izan ez balira. Tolomendiren ahalegina horretan izan da eta horretan jarraitzen dugu, nahiz eta beti ez den erraza, baserritarrek modu antolatuan eta elkarlanean lan egitea. Baina beharrak eraginda batzuetan eta besteetan lan egiteko era horretan sinesten dutelako, poliki-poliki landaketa mota hau sendotzen ari da eskualdean, geroz eta baserritar gehiagok eta geroz eta lur gehiagotan ereiten delarik. Esnea saltzeko garaian Km0 kontzeptua erabiltzen du Kaikuk bertako esnea dela azpimarratzeko. Bada, bertako esne hori, bertakoa izateaz gain, bertako bazka bidez ekoiztua izateko ahaleginean ari dira baserritarrak, mezuak zentzu osoa eta koherentzia izan dezan.

Artoaren landaketek izan duten eboluzio positibo hori esan bezala ez zen posible izango baserritarren ahalegina eta hauen inguruan zerbitzuak antolatu izan ez balira. Antzekoa gertatzen da beste zenbait ekoizpen eta produktu esanguratsurekin, Ibarrako Piperrak izan duen garapena, Tolosako Babarruna, Baserriko oilaskoa, Txerrizaleok elkarte bidez komertzializatzen diren txerrikiak...

Eta noizko udazken garaian gure inguruan horren oparo izaten diren hainbat fruta eta barazkiri merkatuan balore egokiago bat atera ahal izateko baserritarren arteko antolaketa eta zerbitzuak? Zenbat sagar usteltzen da lurrean? Zenbat intxaur, gaztaina... alferrik galtzen dira gure basoetan? Produktu horiek erosten ari gara dendetan, azoketan, salmenta guneetan eta gehienak kanpotik datozkigu. Hori bai, kanpotik datozen produktuak saltzearen errua ezin zaio saltzaileari edo erosleari bakarrik leporatu. Bertako ekoizleek ere egoera horretan arduraren zatiren bat izango dute ezta? Ekoizle txikiak direnez ez elkartzea, ekoizpenak benetan merkatuaren arauen eta errealitatera ez antolatzea, txiki izatea aitzakia bezala ibiltzea beti, errua kanpora bideratzeko...

Noizko gure lurrek, soroek eta basoek ematen dituzten udazkeneko uztei probetxu hobe bat ateratzeko ekoizleen partetik pauso efektiboak?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!