Nekazaritzako Lurren Funtsa abian da

Erabiltzailearen aurpegia Iker Karrera 2016ko apirilaren 23a

Herrietan egin izan diren partehartze bileretan, Agenda 21eko ekintza planak egiterakoan, edo beste hainbat forotan, behin eta berriz ateratzen den gaia da, nekazaritza bultzatzeko, nekazaritzako lurren banku moduko bat sortu beharko litzatekeela edo zerbait egin beharko litzatekeela.

Eta esan behar duguna da, Nekazaritzako Lurren Funtsa martxan dela. Hobeto esanda, urte batzuk badaramatzala martxan eta badirudi jendea ez dela enteratu.

Nekazaritza aktibitate ekonomiko bezala uzten joan diren lur jabeek, nekez uzten dituzte beren lurrak beste baserritar baten esku eta uzten dituztenean, gehienetan oso modu prekarioan, inolako kontraturik gabe, hitzezko konpromisoarekin, «garbitze aldera». Eta prekarietate horren gain oinarritzen dira ezagutzen ditugun nekazaritzako ustialeku asko eta asko. Langileok, beste esparru batzuetan prekarietatearen aurka hitz egiten dugunean, ez gara kontziente, sektore ekonomiko oso bat, guztiz oinarri prekario batzuetan lan egitera bultzatzen dugula. Zeren, gutxi-asko, gizarte osoak, lurraren inguruan sortu ditugun espektatiba eta espekulazio interesen ondorio dira, baserritarrek lurrarekiko bizi duten prekarietate egoera.

Nekazaritzarako beharrezko luketen nahikoa lur ez izatea eta dituztenak prekarietatean izatea da, sektore ekonomiko honek duen arazo nagusienetakoa. Jende gaztea sektorera gerturatzeko oztopo nagusiena esango genuke, ezin baitute beren negozio plan erreal bat antolatu, oinarri prekario horrengatik.

Egoera horretan, badira urte batzuk sektorearentzat lagungarri izan zitekeen tresna, Nekazaritzako Lurren Funtsa, Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri zuela. Helburu nagusia, nekazaritzarako egokiak diren lurrak aldi baterako uzteko merkatua dinamizatzea da. Nekazaritzarako egokiak diren lurren jabeei, tresna bat eskaintzea, beraiek lurrak ustiatu ezin dituztenean, konfiantza eta segurtasunean oinarritutako kontratuen bidez, lurrak ustiatzeko interesa duten baserritarren eskura jartzeko. Honela, lur gehiago behar dituzten ustiategientzat edo nekazaritzan hasi nahi dutenentzat lurra eskuragarri jarriz, bitartekaritza eginez, lur jabe eta lur hartzailearen artean.

Gipuzkoako Foru Aldundian dago Bitartekaritza bulegoa eta eskualdeko Nekazaritza bulegoek eta Eskualdeko Landa garapeneko elkarteok, Tolosaldearen kasuan Tolomendik, laguntzen dugu, ekimen honen garapenean.

Norbaitek, bere lurraren etorkizunari buruz zalantzak baditu, nola garbi eutsi edo nola jarri baserritar baten esku berme guztiekin, nahikoa du ondorengo helbideetan informatzearekin:

Telefonoa: 943 11 21 78

www. nekagip.net/fondosueloagrario.html

nekazaritzalurrenfuntsa@gipuzkoa.eus;

Tolomendira deituz 943 655097 edo idatziz tolomendi@tolomendi.eus helbidera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!