Energia auditoriak Goierri eta Tolosaldeko abeltzaintza ustiategietan

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Jauregi, Lurgintza 2016ko mar. 19a, 10:00

Egun, sektore askoren beharrezko baliabidea bilakatu da energia. Energia kontsumoak eragin handia du ekoizpen prozesuan, bai ikuspuntu ekonomikotik, bai ingurugiro ikuspegitik ere. Abeltzaintzan ere, energiaren efizientzia hobetzea beharrezkoa bilakatu da.

Hau kontutan izanik, Lurgintza Nekazal Kooperatibak Goierri eta Tolosaldeko abeltzaintza ustiategietako energiaren erabileraren inguruko azterketa burutu du, energia kontsumoa murrizteko helburuarekin.

Guztira hamahiru ustiategi aztertu dira (bi ardienak eta hamaika esne behienak) Azpisektore hauek garrantzi handia dute Gipuzkoan eta energia kontsumo nabarmena dute. Baserri hauetara egindako bisitetan zuzenean kontsumitutako energia aztertu da, hau da, baserriko ekoizpen prozesuan zehar kontsumitutakoa, lehengaien ekoizpenean erabilitako energia kontuan izan gabe (pentsu fabrikazioan adibidez).

Lortutako emaitzen arabera, bataz beste 248 kWh behar dira 1.000 litro esne ekoizteko esne behi ustiategien kasuan, 33 euroko gastua suposatuz. Kontsumo horren %49a nekazaritzako makinek erabilitako erregai fosiletatik (gasolioa) dator eta %43a elektrizitate moduan, azken hau izanik gastuan gehien eragiten duena. Erabilitako elektrizitatearen bataz besteko salneurria 0,19 €/kWh-koa izan da, baina badira 0,33 €/kWh ordaintzen dutenak ere. Kontratatutako potentzia behar errealetara egokitzea guztiz beharrezkoa dela ikusi da, elektrizitatearen kostua gutxitzeko. Horretaz gain, garrantzitsutzat jotzen da, elektrizitate tarifa egokiena aukeratzea eta komertzializatzaile desberdinen eskaintzak adi aztertzea, alde nabarmenak ageri direlako horien artean.

Erabilitako energiaren prezioa hobetzeaz gain, kontsumoak gutxitzea beharrezkoa da. Aztertutako ustiategietan, jezteko prozesuan eta esnea hozteko tankeetan kontsumitzen da energia gehien, motor elektriko eta errefrigerazio sistemen eraginez. Egun, makina hauen energia efizientzia hobetzeko sistema ezberdinak badaude, baina baserritar gutxik dituzte. Lehen sektoreko jasangarritasuna hobetu nahi bada, nahitaezkoa izango da efizientzia energetikoa hobetzea eta sistema eraginkorragoak erabiltzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!