Emakumeen Nazioarteko Eguna 2016

Guk erabaki, guk ekoitzi, guk saldu

Erabiltzailearen aurpegia Maider Aramendi Urteaga 2016ko mar. 5a, 10:00

Elikadura subirautza: herrialde bakoitzak nekazaritzan eta elikadura alorrean bere politikak definitzeko duen eskubidea, garapen iraunkorra eta «elikagaien segurtasuna» kontutan hartuta eta norberaren kultura errespetatuz. Arrantzale, baserritar txiki eta indigenen nekazaritza molde, merkatu eredu eta errekurtsoen gestio ezberdinak errespetatuz. Horretarako, barne-merkatuak babesten dira, dumping-aren aurka.

Amona, ama, alaba, ahizpa,… eskutik eskura igaro dira baserrietako bizipen, esperientzia eta lanak. Armonia eta oreka justu batean murgildurik, inguruko baliabideak erabiliz eta salmenta zuzenaren bidez ekoizturiko elikagaien prezioak erabakiz tokiko elikaduraren arduradun bilakatzen ziren.

Baina erotu da mundua! Globalizazioa eta merkatu neoliberalak aldaketa ikaragarriak ekarri dizkigu, eskutatik kendu digu gure izatearen oinarria. Ekoizpenaren industrializazioak, zerbitzuen pribatizazioak gure ordez erabakitzen dute eta jada ez da gelditzen gure amona eta amen eredu, kalitate, konfiantza eta harremanaren errekonozimendurik.

Kontsumitzaileek lehen elikagaiak ezagututa eta hauekiko konfiantza osoarekin erosten zuten; kalitatea bermatzeko etiketa beharrik gabe. Aldiz, gaur egun jatea kezkatzeko arrazoi bihurtu da, kontsumismoa bultzatu da, elikadurak garrantzia galdu du eta jan nahi dena erabakitzeko gaitasuna galdu da.

Eromen, zoramen honetan hor dago emakumea, baserrietako ardatz, eguneroko lanarekin bilakaera honi aurre eginez, ikasiz, elikagaiak transformatuz, salmenta bide alternatiboak bilatuz, tunel honetan argi izpi txiki horri segika, indarrez ezkututik argira ateraz poliki bada ere aurre eginez. Gure birramona, amona eta amen ereduari indarrez eutsiz.

Bai baserrietako ardatz! Horrela ikusi nahi ez duen sistema patriarkal honi aurre eginaz. Aurpegiz aurpegi jarriaz.

Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren iraganean, orainean eta etorkizunean ardura, zeresana eta zeregina izan dugu, badugu eta izango dugu. Naturaren zaintzan, lurra babesten, haziak errekuperatzen, pertsonen zaintzan, belaunaldien transmisioan, sortzean, birsortzean eta askotariko laboreen zaintzan emakumea da ezinbesteko katebegia.

Emakume bakoitzetik hasten delako iraultza eta aldaketa. Gizarte ustel hau goitik behera aldatzeko parte aktibo garelako, berdintasunean eta burujabe bizi nahi dugulako eta horretarako gurea den honetan, elikagai, natura, ingurune eta herrien defentsan sinisten dugulako erabakiak gureak izan behar dute!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!