Hasteko,feminismo liberala jarri dugu ikusmiran. Feminismo honek emakumeen eskubideen lorpenean oinarrituriko historia luzea izan du, bai eta erreferentzia handiak ere; hala nola, Mary Wollstonecraft, Harriet Taylor Mill edota Elizabeth Cady Stanton. Ezberdintasunean oinarrituriko balore feudal patriarkalei aurre egiteko xedeaz sortu zen Europan kapitalismoaren garapenarekin batera. Hasieran batean, sistema beraren barruan legeak aldatzeko nahia erakutsi zuten arren,justizia eta emakumeen eskubideak lortu ahal izateko, estrategia liberala ez zela nahikoa ikusi zuten. Horregatik, emakumeek ere aukera berdinak izatea aldarrikatzetik, baldintza berberak izatea aldarrikatzera igaro ziren.
Geroago sortuko zen korrontea feminismo erradikala da. Feminismo liberalak hartu zuen begirada pragmatikoa albo batera utziz, hauek gizartearen eraldaketa eta instituzioak berregituratzea eskatzen zuten. Feminismo erradikalaren ustetan, bi klase sozial aurkitzen dira gizona klase sozial zapaltzaile gisa, eta emakumea klase sozial zapaldu gisa eta ezberdintasunaren forma guztiak ordezkatzen dituzte, bai politikoa, baita ekonomikoa ere. Patriarkatua ezabatzeko beharrezkotzat dute generoa ezabatzea, hau da, baldintza sexuala. Ondorio gisa, sexu/generoan oinarritzen ez zen gizarte bat nahi zuten, non gizon zein emakumeak berdinak izango ziren.
Inguruan gutxi aipatua izan arren, anarko-feminismoa ere zabaldu da hainbat eremutan. Korronte honetako kideek ez dute inongo hierarkia edo autoritatean sinesten. Beraien ikuspegia marxismotik eta liberalismotik eratorri dela esan liteke, baina feminista erradikalek bultzatzen duten arrazoi beragatik borrokatzen dute. Bestalde, eko-feminismoa ere aipatu beharra daukagu. Eko-feminismoan, gizaki eta ez gizakiaren zapalkuntzarako, emakumeen posizio historikorako, eta ikerketa psikiko eta sexualaren analisirako kategoria zentrala natura da. Praktikan ere ikusi izan da, emakumeak abangoardia izan direla natura babesteko borrokan.
Azken korronte gisa feminismo marxista eta feminismo sozialista ditugu. Feminismo marxista Marx, Engels edota Leninen idatzietara atxikitzen da, eta beraz, kapitalismoaren barruan aurkitzen den emakumeen esplotazioaren analisian jartzen dute arreta. Feminista marxistek patriarkatua eta kapitalismoa bi sistema autonomo gisa identifikatzen dituzte, non kapitalismoak forma ekonomikoa duen, eta patriarkatuak berriz, forma ideologikoa. Feminista sozialistek, ordea, patriarkatua kapitalismoa baino lehenagokoa den fenomeno unibertsal gisa identifikatzen dute, gehituz gizarte guztietan historikoa dela. Hauen iritziz, sistema bakarra aurkitzen da, eta hori sistema kapitalista patriarkala da.
Ikusi dugunez, anitzak dira feminismoaren korronteak eta are anitzagoak bakoitzaren aldarrikapenak. Aipaturikoak aipatuta, kontuan izan behar duguna zera da: analisi eta estrategia oker batek kalte egin diezaiokeela mugimenduari. Hori argi ikus daiteke mugimendu feministaren historian. Emakumeen zapalkuntza estruktura sozio-ekonomiko eta politikotik bereizita ulertzean, sistema inperialista barruan bilatu dituzte konponbide edo mekanismoak feminista aitzindariek, eta hau egun errepikatzen den fenomeno bat da. Mekanismo hauek, gehienez ere, klase ertaineko emakumeen sektore batzuetara soilik iritsi dira, gehiengo emakume zapaldu eta esplotatuen askapena albo batera utziz.
Laburbilduz, korronte hauen azalpen txiki hau egin ondoren, argi ondoriozta daiteke emakumeen askapenerako borrokak ezin duela arrakastarik izan sistema inperialista bera suntsitzeko borrokatik isolatzen bada.
Informazio gehiago nahi izanez gero korronte feministen inguruan ikus ondorengo esteka: https://borrokagaraia.files.wordpress.com/2018/05/cricc81tica-al-feminismo-en-occidente-anuradha-ghandy.pdf.