Izan ere, zaila da emakumea bera eszenatoki gainean ikustea oraindik. Ordea, ez da gutxi direlako, agian, inbisibilizatuak direlako baizik.
Bada, asko dira egungo diskurtsoetatik at kokatu eta letren bidezko aldarrikapen bitartez, mundua eraldatzen saiatzen diren emakumeak. Hauek ordea, zaila dute benetako arrakasta lortu eta abeslari «top»-ak bihurtzea. Arrakasta dutenak, gizartearen banaketa, rol zein estrukturak erreproduzitzen dituzten emakumeak izan ohi dira. Hots, arrakasta gehiago du Amaralen Sin ti no soy nada leloak, La Otra abeslariaren No me haces falta, ni eres mi media naranja en la vida leloak baino. Arrakastaren gakoa hitzen esanahian edo emakumearen irudian aurki dezakegu.
Batetik, maitasun erromantikoaren diskurtsoak erreproduzitzen dituzten emakumeak entzunagoak izango dira, idealizazio bera deseraikitzen duten emakumeak baino, ez baitira erakargarriak suertatzen sabeleko tximeletak akabatzen dituzten abesti horiek. Bestetik, gorputz eta aurpegi ideala duten emakumeak ere entzunagoak dira objektu sexualizatu bihurtzen dituzten heinean. Irudi perfektu bat ageri zaigun bitartean, zer axola zaigu esaten ari zaiguna, ez da ala? Estereotipo jakin horietatik at kokatzen diren emakume zein identitate ez-hegemonikoak, ez dira sekula iruditegi perfektu hori osatzen duten subjektuen arrakastaren mailara iritsiko, ez gizarteak horrela dirauen bitartean bederen.
Emakumeei eszenatokian esleituriko rolei dagokionez, gehienak abeslariak izan ohi direla aitortu beharra dago. Gutxi ikusiko ditugu bateria edota gitarra elektrikoaz eszenatokiak hartzen. Emakume aldarrikatzaileen gisara, horrek ez du esan nahi existitzen ez direnik, hauek ere asko baitira, baina gizarteak ahalik eta oztopo gehiago jarriko dizkiete beraien motibazioa deuseztatu eta postu horiek ez hartzeko. Hori gutxi balitz, alderaketa handia dago gizon zein emakumeei esleitzen zaien exigentzia mailan ere. Gaizki abesten duten gizon asko aurki ditzakegu, ez ordea, gaizki abesten duten emakumeak.
Beraz, guretzako eginak ote daude espazio horiek? Zergatik ez dira erosoak guretzat? Genero zapalkuntza patriarkalaren interesekoa da espazio publikoak maskulinizatzea, eta ahal den neurrian, eremu publiko hori bereganatu nahi duten emakumeei oztopoak jartzea. Ez dira erosoak, etengabeko botere-harreman errotuak agerikoak direlako, bai eta sexualizatuak, kritikatuak eta erasotuak direlako.
Errealitate gordin honi alternatibaren bat bilatu nahian, ahalduntze diskurtsoei heldu eta emakume guztiak ezagutzen ez duten guzti hori hartu eta probatzera motibatu behar ditugu. Ezagutzen ez dugun hori gustatzeko lehen pausoa izan daiteke honakoa. Bestalde, eszenatokiak bereganatzen dituzten gizonak beraien pribilegioak analizatu eta hausnartzera bideratu behar ditugu. Eta azkenik, ez ahaztu, mundu osoan ditugu emakume eredugarriak, beraz, kontsumitu itzazue beraien letrak, eta ez ahaztu beraien izen eta izanaz.