Espetxearen (barruko) kateak

Erabiltzailearen aurpegia Tolosako Neska Taldea 2018ko mai. 19a, 11:26

Elkarren kontra estuturik
karraskatzen diren hortzak
oharkabean beren kasa estutzen
diren ukabilak
sukarraldietan bezala izerditzen
zaizkigun haragiak

hontzenak bezala zabal
irekitzen zaizkigun begiak
gorputzaren mugimendu
autonomo urduriak
horiek eta beste hainbat dira
goizeko seiak bitarte irits daitekeen
ate kolpe bortitzaren kezkaz
bizi ditugun sintomak

(Ekhiñe Eizagirre, 2016)

 

Ekhiñek ondotxo daki zer den espetxea, eta berak bezala ere, emakume eta gizon askok dakite egun, nola den espetxeko egunerokotasuna. Urrun geratzen zaigu herritarroi kartzela ordea. Arrotza den errealitatea da Euskal Herriko herritar gehienentzat, baina uste baino gehiago dira bertan gaua igaro eta bidaiak egiten dituzten biztanleak. Errealitate isolatu bat da azken batean. Espetxean ere gizarteko rol eta egunerokotasuna etengabe erreproduzitzen dela diote barrutik ezagutzen dutenek. Beraz, egunerokotasun horren parte diren harreman afektibo-sexualei helduko diegu, baina espetxe barrutik kasu honetan.

Hasteko, kartzela barruan, komunikazio edo harreman estuak izateko aukera nabarmentzen da. Bai kanpoko zein barruko pertsonekin. Komunikazio mota honen barruan, lokutorio-komunikazioa zein kristal bidezkoa bereizten dira, astean behin berrogei minutukoak direnak. Gero, bisean bisekoa motatakoa ezagutzen da bi motatan bereizten dena: familiari dagokiona eta bikotekideari dagokiona bisita hauek ordu eta erdikoak izaten dira. Aipatutako azken elkartze intimo hauek kartzela barruan dauden norbanakoen artean ere eman daitezke, beti ere kartzela berdinean baldin badago eta bere bikotekidea dela juridikoki onartua badago. Elkartze intimo honen baimena, presoa dagoen kartzelaren zuzendaritzak ematen du, baina lehenengo presoaren bikotekideak gutxieneko hitzezko komunikazioa betea eduki behar du: 3 hilabetez posta bidezko harremana izan beharko dute, eta gutxienez, 6 hilabeteko harreman ofiziala. Bestalde, hilabetean behin izango dute aukera elkartze intimoak izateko. Elkartze intimo hauek, oso motzak izaten direla onartzen dute preso batzuek; oso hotzak. Prostituzioarekin konparatzen dute beste batzuek, ordu eta erdi baitute harreman sexualak izateko. Gainera, hau gutxi balitz, askotan funtzionarioak gelara baimenik gabe sartzen dira, berezkoa izan beharko litzatekeen intimitatea etenez.

Bikote harreman batek modu egoki batean garatzeko dituen zailtasunak anitzak dira: komunikaziorako espazio eta momentu eskasak, afektiboki elikatzeko aukera apurrak, aurrez aurrekoen kontrol zorrotza, etab. Honek guztiak harremanak aurrera ateratzeko zailtasunak besterik ez ditu ekartzen, eta ez da harritzekoa bikote harreman ugarik egoera honetan jarraitu ezin izatea eta harremana uztea. Beraz, hain garrantzitsuak diren behar sozial, emozional eta sexualak alde batera geratzen dira.

Ezin da ukatu kartzelako egunerokotasunak presoaren izaeran eragina duela, eta hau arinago edo beranduago, baina haren harremantzeko eran sumatuko dela. Bisita zein elkartzeetan, aldaketa hauek apurketa afektiboak eragiten dituzte.

Argi dago, harreman afektiboak-sexualak funtsezkoak direla presoen ilusioa eta indarra elikatzeko. Une horretan, harreman horiek aurrera begiratu eta borrokan jarraitzeko gogoa sortu dezakete. Baina era berean, harreman monogamoez ari garela kontuan harturik, posible da elkarrekiko halako dependentzia egoera bat sortzea, bisitan joaten den bikotekideak bere egunerokotasuna albo batera uzten baitu. Alde positibo zein negatiboak izan ditzake azken batean. Amaitzearren eta bizipenei garrantzia ematearren, honela definitzen ditu Ekhiñek espetxe barrutik harreman faseak: (a) ametsetan, (b) baba dariola, (d) dudak, (e) erabakiak (hartu behar, bizitza horixe da-eta), (f) finikito.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!