Artikuluaren egileak izenburuaren inguruko hausnarketa argitaratu zuen, nolabait, honakoa argitu nahian. Argi zihoen zalantza handiak zituela izenburuarekin, eta beste faktore batzuk izan daitezkeela genero ezberdintasunaren eragile. Eskertzen da bere zuzenketa.
Horregatik, artikulu honen bidez, bere zalantzak argitzera gatoz. Hasteko, kontuan hartu behar duguna zera da, genero auziaren oinarria ulertzeko, hots, emakumearen zapalkuntza besteak beste, kausa historiko eta sozialetara jo behar dugula. Aipaturikoa baieztatzeko beharrezkoa da gertakari historikoetara jotzea. XIX. mendetik aurrera, familia-soldata ezarri zen, hau da, gizonezko langilearen soldata. Emakumeak fabriketatik kanpora bidali zituzten, etxera hain zuzen ere, zaintza lan eta lan zikinen menpeko bihurtuz. Orduan errotuko zen familia patriarkala deritzona, eta horren barruan eraikiko zen gizon eta emakumeen arteko espazio banaketa. Era berean, produkzio harremanek sorturiko banaketa hau, harreman sozialetan islatuko zelarik. Familia eredu berriaren eraikuntzarekin lortu zena zera izan zen, soldatapeko langile esplotatu baten eta familiaren zaintzarako langile esplotatu baten eraikuntza. Beraz, genero auzia ez da oinarri biologikoetan oinarritzen, gertakari historiko jakinetan baizik.
Familia patriarkalaren eraikuntzak sexu batek besteak baino pribilegio/prestigio handiagoa izatea ekarri zuen gizartean. Eraldaketa prozesu horretan, gizon eta emakumeen interesak aldenduz joan ziren. Dagoeneko, emakumea beste egoera batean aurkitzen zen, etxeko txoko batean baztertua eta bertan lan egitera behartua. Hori dela eta, ulertu behar dugu ez zela emakume guztien arazoa izan, baizik eta emakume langileek pairatu behar izan zuten gizarte banaketa, beraz, ezinbestekoa da garai horretako emakume langilea «sexu zapaldu» gisa identifikatzea klase zapalduaren barruan. Honek ez du esan nahi gizon esplotatuak era berean zapalduak ez zirenik, beraiek ere emakume langileon etsai nagusiaren biktima baitziren, non kondenatuak zeuden beraien lan-indarra baldintza tamalgarrietan saltzera, erreproduzitu ahal izateko soldata baten truke. Garai hartako eta egungo testuingurua aldatu arren, oraindik, langileok problematika bera pairatzen jarraitzen dugu; izan ere, baldintzak maiz leundu diren arren, egitura berbera baita.
Garrantzitsua da, beraz, zapaldu eta zapaltzailearen arteko bereizketa bat egitea. Emakumea klase gisa identifikatuko bagenu, subjektu zapaldua alegia, gizona klase zapaltzaile gisa identifikatu beharko genuke. Baina argi izan behar duguna zera da, sistema kapitalista dela gure zapaltzaile, eta gizon zein emakume langileak garela zapalduak maila ezberdinetan. Klase zapaltzailearen burgesia biktima garen unetik beharrezkoa da elkarren arteko aliantzak sortzea. Horretarako, ulertarazi behar diegu beraien gizontasuna eraikia dela, eta hori, kapitalismoak arma gisa erabili duela bere nahierara gizartea antolatzeko. Gizonek ondorioztatu behar dute, beraiek bezain esplotatuak dauden emakumeak egon daitezkeela etxean, eta era berean, emakumeek ulertu behar dute zein den zapalkuntzaren oinarria: egunerokotasuna baldintzatzen duen sistema kapitalista.
Azalpenak azalpen, espero dugu erreportajearen idazlearen zalantzak argitu izana. Azpimarratuz, gai honen inguruko hausnarketak baliagarriak direla idazleaz gain, guztiok hausnartzeko.