Ahantziriko emakume handiak

Erabiltzailearen aurpegia Tolosako Neska Taldea 2018ko mar. 17a, 12:09

92 herrialde ezberdinetan jaiotako jendea bizi omen zen Tolosan 2013ko datuen arabera. Sexuaren araberako banaketari behatuko bagenio, gutxigatik, baina gehiengoak emakumeak zirela ondorioztatu zuten datuek. Egun, bost urte igarota, datuak asko aldatu ez direla pentsa genezake.

Interpretazioak egitea interesgarria suertatzen denez, zera ondorioztatzera garamatzate datuek, prozesu migratzailea, batez ere, emakumeek gauzatzen zutela edo dutela. Baina zergatik? Edo zein dira arrazoiak beraien sorterria utzi eta Tolosaldea osatzen duten herritxoetara gerturatzeko?

Hasteko, bakoitzaren testuingurua ezberdina da, hala nola, herrialde bakoitzaren jazarpen maila, maila ekonomikoa, etab. Asko eta asko kausa sozialagatik datoz, beste batzuk ekonomikoagatik, bai eta pertsonalagatik ere. Prozesu migratzailea arrazoi ezberdinengatik gauzatzen da: seme-alabei unibertsitatea ordaintzeko, bestelako ilusioak dituztelako, enplegu duin bat lortu nahi dutelako, beraien herrialdean biolentzia egoerak bizitzen dituztelako, bizi maila hobe baterako itxaropena dutelako, etab. Behin hona iritsita, estatus jakin batean kokatzen dira, klase sozial baxuko emakume gisa kontsideratzen dira, alegia.

Bizi-itxaropena luzatzearekin batera, eta emakume autoktonoak etxetik atera eta soldatapeko lan bat bilatzeko beharrak bultzatuta, zaintza lan eskaintzak areagotzea ekarri du azken urteetan. Adineko pertsonen, haurren edota esparru familiarraren zaintza etorkinengan erori ohi da. Beraz, aukera prekario baina errazena suertatzen da sektore honentzat biziraun ahal izateko. Ostera, gizarteak azken mailan kokatzen ditu honako emakumeak, non lan asistentzialak gauzatzera edota lan zikinetara bideratzen dituen. Bestalde, sistemaren arauetan bizirauteko lain irabazten ez dutenez, askok bi edo hiru lanpostu dituzte; horrek, beraien aisialdi esparrua murriztea dakarrelarik. Hortik, atzerritik datozen emakume hauek egiten duten lanaren deskontsiderazioa.

Dituzten baldintza urriak direla eta, behartuak daude zaintza esparruan edonor zaintzera. Baina nork zaintzen ditu edota zein modutara zaintzen dituzte emakume hauek? Sistemaren logika indibidualista jarraitzen duen norbanakoa ez da gai emakume hauen eserlekuan une batez esertzeko. Askok pentsatuko dute beraiek aukeraturiko bizi-eredua dela, edota haien lanak ez duela inongo zailtasunik/pisurik, kaletik gurpildun aulkia tiraz irribarretsu joaten direlako. Sarri, irribarre soilaz engainatzen uzten gara errealitate gordin honen sakonera sartzeko gai ez garelako eta azaletik ikusten dugun horrekin ase dugulako kontzientzia.

Inongo babes sozialik jasotzen ez duten emakumeak dira asko, pertsonalean soilik kokatzen direnak. Horregatik da beharrezkoa jabekuntza pertsonal eta kolektiboa emakume langile guztion ahalduntze prozesua aurrera eraman ahal izateko. Indibidualismoak harrapatuta gaituen sistema honetan, pertsonala politikoa delako ideiari heltzea derrigorrezkoa da. Pertsonalak izaera politikoa baitu, eta lan hau kolektiboan gauzatzea ezinbestekoa baita.

Mezu hau barneratzea garrantzitsua da: Ez ikusiak diren pertsonak ditugu nonahi eta hauek bistaratzeko eskumen guztiak ditugula, kontzientziak estaltzeari utzi eta errealitate gordin hauen erroa moztu behar dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!