Emakume langileen borrokaz

Erabiltzailearen aurpegia Tolosako Neska Taldea 2018ko ots. 17a, 11:30

Ez da denbora asko komunikabideetan, agian oso entzuna ez izan arren, Bizkaiko erresidentzietako emakume langileen borrokaren inguruko albistea entzun genuela. Emakume horien aldarrikapena ulertu ahal izateko, beharrezkoa da borrokaren zergatian begirada jartzea.

Hona bada: kontuan hartu behar da arazoa adineko egoitzen pribatizazioan oinarritzen dela. Azken urteetan egoitza hauen kopurua bikoiztu egin da eta diru publikoa erabiltzen hasi dira zerbitzu hau aldundiko esparru politikoko enpresei emateko. Enpresa hauen interesa, ordea, ez da erabiltzaileen ongizatea bermatzea; etekin ekonomikoa lortzea baizik, helburu gorena. Beraz, horrek zer dakar? Lan baldintza prekarioak (soldata baxuak, pertsonal murritza, denboraren kontrola, etab.). Ondorioz, eskaintzen den zerbitzua ere prekarioa izango da (arreta falta, behar esentzialak ez asetzea, erabiltzaile-zaintzaile arteko harremana hotza eta zeharkakoa izatea, etab.).

Soraya Garcia, emakume langile, sindikalista eta feministaren iritziz, zaintza-lanen ikuspegia erabat merkantilizatua dago. Izan ere, oraindik bada zaintza-lana dohainik egin behar den ideia, alegia, emakumeok gure lan-indarra dohainik saltzera bideratuak eta ia behartuak gaudena. Sistema kapitalistaren aparatu osoaren akumulazioa bi esferen arteko kontraesanetan oinarritzen da, esfera produktiboa eta erreproduktiboa, besteak beste. Esfera produktiboa deritzogu kapitalaren produkzioaz arduratzen den esparruari, non langilea kondenatua dagoen bere lan-indarra saltzera soldata baten truke. Erreproduktiboa berriz, lan orduetatik kanpoko esparruari, non langile hori hurrengo egunean lanean produktiboa izan dadin, aisialdian asebetetzen diren ekintzak egin behar dituen (elikatu, lo egin, haurrekin jolastu, harremandu...). Finean gizakiaren erreprodukzioari. Baina esfera erreproduktiboan, bada atal konplexu bat emakume langileari esleitu zaiona patriarkatuaren garaitik: zaintza-lana. Lan hau gizakiaren erreprodukziora begirakoa da, zalantzarik gabe, baina, honek bereziki, denbora eta dedikazio gehiago eskatzen du.

Kapitala bere horretan mantentzeko, gainbalioaren produkzioa da burgesiaren interesa, eta ondorioz, erreproduktiboaren barruan kokatzen den atal hau kaxa isolatu batean gordeta geratu ohi da, nahi duten horietan ireki eta erabilgarritasuna emateko etekin ekonomikoei begira. Bereizketa horren bitartez lortzen dena zera da, zaintza-lan hori guztia doakoa izatea kasu gehienetan. Lehen aipatu bezala, ez da kasualitatea doakotasunean oinarrituriko lan indar horrek genero determinagarri batekin erlazioa izatea. Praktikara eramanez gero, lortzen dena zera izanik, emakume langileek, aparteko lan asalariatu bat izan edo ez izan, berauen lan-indar osoa edo zati handi bat baloratu gabeko lan batera bideratzea.

Zorionez, urriaren 27an, Bizkaiko egoitzetako langileek sektoreko hiru patronalekin (GESCA, LARES ETA ELBE) akordioa lortu zuten. Hitzarmen horretan zera aipatzen da, soldata igoera eta lan orduen murrizketa. Horrela, langile gehiago kontratatuz, norbanakoaren beharrak asebetetzeko behar den arreta hori bermatu ahal izango dute. Bestalde, asteburuetako plusak, eta lan-istripu edota lanbide-gaixotasunen aurrean, soldataren %100a jasoko dute. Bi urte baino gehiagoko grebaren ostean, beraien helburuak lortu dituzte. Hori dela eta, honako albistea berriro ere gogora ekarri nahi izan dugu, izan ere, horrelako lorpenek entzute gutxi izan/izaten dute.

Emakume langileen borrokaren historian zehar, zail egiten da emandako aurrerapauso edota lorpen guztiak zenbatzen hastea. Bada, lorpen horiek guztiak langile klasearen izerdiaz bustiak izan dira, non gizon eta emakumeek beraien kabuz eta unilateralki eraman duten borroka aurrera. Egoitzetako emakumeek aurrera eramandako borroka, emakume langileen borrokaren historian ageri da jadanik, klase eta, kasu honetan, genero zapalduaren ongizatea bermatu nahian ez ezik, oraindik, aske izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!