[GUTUNA] 'Erasorik ez erantzunik gabe!'

Egunerokotasuneko bidegabekeria batekin egin dugu topo berriro ere. Tolosan beste eraso sexista baten berri izan dugu azkeneko astean: emakume batek eraso sexista bat sufritu du. Salaketa jarri du dagoeneko.

Beste behin, agerian geratu da azaroaren 25eko aldarrikapenak beharrezkoak direla, zoritxarrez. Hala ere, hau ez da egun bateko aldarrikapenekin amaitzen: emakumeon egunerokotasuneko adibide soil bat baino ez da, egunero pairatzen baititugu antzeko erasoak. Ez al zaigu bada inoiz gertatu, parrandan atera eta hitz edo ukitu «inuzenteak» jasan beharra? Neguko arratsalde ilunetan etxerako bidean beldurra pasatzea, edo kaletik edozein egun eta ordutan «piropoak» entzun beharra?
Beharbada, askotan ez gara ohartu ere egingo edo ez diogu garrantzirik emango erasotuak izaten ari garenean, erabat normalizatutako erasoak baitira. Ordea, ez da kasualitatea, gizonezko batek, gizonezko izate hutsagatik, emakume baten aurrean sentitzen duen nagusitasuna eta erabiltzen duen indarkeria matxista.
Gizarteak horrelako jarrera matxistak normalizatu eta horren aurrean indiferentzia erakusten duelako gertatzen dira. Gure errealitatea da testuinguru hau, eta horren aurrean beharrezkoa da eraso horien larritasunaz jabetzea.
Hala ere, hori ez da gertatuko herri bezala kontzientzia bat sortzen ez den arte. Gogora dezagun hau ez dela soilik emakumeon borroka eta, hortaz, eraso horien erantzuna ez dagokie emakumeen taldeei bakarrik, herritar guztion erantzukizuna baita gizabanako guztion eskubideak errespetatzea.
Horretarako, beharrezkoa da herriaren kontzientzia sustatzea, eta herriak, horrelako eraso baten aurrean, ezinegona adieraztea .
Horrez gain, prebentzioaren garrantzia azpimarratu nahi dugu, ezinbestekotzat baitugu emakumeok kalean lasai eta beldurrik gabe ibiltzea. Horretarako emakume guztiak animatu nahi ditugu autodefentsa feministetan parte hartzera, zein emakumeon ahalduntzearen inguruko jarduerak burutzera.
Guk, Tolosako Neska Talde (TNT) bezala, gogorarazi nahi dugu eraso horiek ez direla puntualak. Emakume guztiak animatu nahi ditugu eraso sexistak salatzera, eta eraso horien aurrean ez isiltzera.
Gu prest gaude, talde eta herritar bezala, emakumeei gure babesa eskaintzeko, eta gure eskubideei oihartzuna emateko, horrekin batera herritarren babesa izango dugulakoan.
Nahiz eta gure helburu nagusia oraindik ez bete – halako erasoak ez gertatzea–, lanean jarraituko dugu, ikusi arte, herritar guztion arazoa dela; herritarrak indarkeria matxistaren aurrean deseroso sentitu eta altxatu arte. Seriotasunez, irmo eta etengabe borrokatu beharreko gaia dela azaldu nahi dugu.
Herriak ulertu behar du eraso matxistak ezin ditugula bere horretan utzi eta normaltzat hartu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!