Berdintasun itsua

Gure genealogia feministak liburuan ageri zaigun moduan, 90. hamarkadan berdintasuna ulertzeko ikuskera propioa garatu zuten orduko feministek. Ikuskera horren erronka nagusia zen emakumeek gizonen pare jardutea eta gizonen esparruetan lekua egitea, emakumeen askapena kultura maskulinora jauzi eginda etorriko zelakoan.

Horrela bada, emakumeek esparru publikoak hartu zituzten, baina jakina, rol jakin bat bete behar zuten, gizonezkoen eredura egina, kultura femeninoa eta emakume-eredu tradizionala berdindu egiten baitziren. Esparru profesionalean, emakume erasokorraren irudia gailendu zen; esparru politikoan, emakume lehiakorra; eta sexu-harremanetan, emakume askea, gizonak irensten zituena. Bestalde, gizonezkoen roletan ez zen aldaketarik gertatu, ez zituzten bere gain hartu esparru pribatuari zegozkion zereginak, edo zaintza-lanari zegozkion ardurak.

Hori da gure aurrekariek utzi diguten errealitatea eta egun jarraitzen duena. Alderdi positiboa aintzakotzat hartzearren, aipatu, aurrerapauso handiak eman direla eta hezkuntza ere ari dela ahalegin horretan. Agian, existitzen ez den berdintasun baten sentsazioa sortzearen asmo horretan, barneratutakoarekin kontraesankorrak diren mezuak transmititu ohi zaizkio neskatoari: berak nahi duena izan daitekeela errepikatuko zaio zapaltzen duen sistema berbera betierekotzen duten hezkuntza-instituzioetan, den bezalakoxea ere ederra dela aipatuko dio irakurtzen duen aldizkariko portadan 60-90-60 neurriak dituen modeloa ageri denean, edota beste kultura batzuekin alderatuz gero emakumeak geurean dituzten abantailez mintzako zaio bortxaketa baten aurrean errugabetasun-presuntzioa bortxatzailearentzat gordetzen duen egunkariak.

Guztiok dakigu soldata desberdintasuna oraindik ere errealitate bat dela, emakumeek gizonek baino zailtasun handiagoak dituztela botere postuak lortzerako orduan; guztiok dakigu etxetik kanpo lan bat lortu arren, etxeko lanak emakumeentzako inposaketa bat izaten jarraitzen duela. Hala ere, jarrera eta errealitate hauek arazo askoz handiago baten isla dira: sistema kapitalista eta bere horretan errotzen duen patriarkatua da arazoa. Honen aurrean zer ordea? Patriarkatua suntsitzeko eta emakumearen benetako emantzipazioa lortzea bakarrik kapitalismoaren abolizioaren eta klase sozialik gabeko sistema baten bidez lortu ahalko da. Zer gertatzen ari da egun ordea? Berdintasuna lortze bidean, emakumeen zapalkuntza estrukturala (ekonomikoa, politikoa, soziala…) ahaztea bideratzen dutela.

Gure buruzagiek azaroaren 25eko ekintzetan parte hartu dute, baina ahaztu egiten dute gainontzeko egunetan sistemaren konplize direla. Berdintasun instituzionalizatuak, burgesiaren interesak defendatzen ditu. Eta benetan emakumeen interesak bermatzen dituela? Horregatik guztiagatik, puntu moreak jarri eta kontzentrazioak egiteaz gain, jarraitu behar dugu hezkuntzan eragiten, harremanetan, familian, lagunetan, bestelako talde eragileetan, etab.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!