Bukatu da 2020-2021 denboraldi nahasia

Erabiltzailearen aurpegia TCF Futbola 2021ko uzt. 23a, 10:45

Urte latza, baina atera dugu arantza. Ez da urte erraza eta samurra izan oro har, gizartearentzat, eta TOLOSA CFko Futbol saila ere ez da egoera latz honetatik kanpo geratu. Iragan irailean, urtero bezala, hasi genuen denboraldia duda eta mugaz betea. Hala ere, jokalari, entrenatzaile, guraso eta zuzendaritza prest geunden gure esku zegoen guztia egiteko ahal zen edo neurriek uzten zuten heinean.

Hasi, nahiko lasai hasi bagenuen ere, egoerak okerrera egin zuen, neurriak zorrozten joan ziren eta nahiko lan izan dugu normaltasun "ez normal" honekin, legea urratu gabe, entrenamendu eta legeztatuta zauden partidak aurrera eramateko. Baina batez ere, jokalari eta entrenatzaileek jarrera ezin hobea erakutsi dute eta denen artean lortu dugu, genituen aukerak baliatuz, denboraldia salbatzea; beraz, hau posible izan zedin zuen aletxoa jarri duzuen guztioi mila esker!

Zailtasunak zailtasun, gure klubak bere erronka nagusiak bete ditu: 3. mailako mutilak eta 1. Nazional mailako neskak beste urtebetez kategoria berean mantentzea. Horrez gainera, Jubenil Nazionalak mailaz igotzea lortu du eta datorren urtean Ohorezko Jubenil kategorian arituko dira.

Aurtengoa amaitutzat ematera goaz eta indarra eta ilusioa jartzen hasi beharra daukagu 2021-2022 denboraldian. Esan bezala, urtea ez da erraza izan, gorabehera handiz betea, bai osasun arloan, bai eta kirol arloan ere. Entrenatzaile eta jokalari batzuek gure kluba uztea erabaki dute. Horiei gure eskerrik handiena gure artean aritu diren bitartean eman duten guztiagatik eta lorpen garrantzitsuen parte izategatik; zorterik onena aurrerantzean zuen kirol ibilbide berrian. Batzuk joango diren bezala, etorri ere berriak etorriko dira, eta datozenei mila esker gure klubaren parte izateko eskaintza onartzeagatik, gure klubean sinesteagatik. Ziur izan hemendik aurrera ere garaipen eta poz handiak bizitzeko aukerak izango ditugula.

 

Zorionak datorren urtean Realak beraiekin jokatzeko eskaintza egin dien jokalariei; Intza Egiguren, Elene Arruebarrena eta Mati Etxeberriari, zorte on neskak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!