[Aulkitik] Hirugarren postua gurea da

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Moyano 2018ko mar. 28a, 15:03

Urtaro berriak ez digu eguraldi ona ekarri eta giro goibela izan genuen beste behin larunbatean. Hala ere, siestatik jaiki eta Usabalera gure neskak ikustera. Partida hasia zen ni iristerako eta Tolosako adituek «estamos dominando» zioten.

Aurkaria, Erandioko Betiko Neskak talde gogorra. Azken denboraldietan ez dugu emaitza onik atera haien aurka. Ez dugu erraz ahaztuko aurreko urtean inauterietan Erandiora egindako «bidaia». Denboraldi honetako lehen itzulian ere, zailtasun asko jarri zizkiguten eta berdinketa besterik ez genuen ekarri haien etxetik. Talde sendoa da eta sailkapeneko bosgarren postuari eusteko asmoz etorri ziren.

Lehen zatian, Tolosarren gola kanpokoena baino gertuago ikusten zen arren, kosta egiten zitzaigun errematera iristea. Harmailetan zaletuak urduritzen hasita zirenean iritsi zen Leireren gol ederra. Area ertzean baloia airean jaso eta buelta erdian boleaz baloia sarera. Bizkaitarrek susto pare bat eman zizkiguten arren, 1-0 iritsi ginen atsedenaldira. Aldageletan txarla; zaletuek kafea.

Ederra izan zen bigarren zatia. Tolosarrek kanpotarren ate aurrean barkatu zuten pare bat aldiz eta gogor ordaindu zuten. Kontraeraso azkar batean, pase ona aurrelariari bizkaitarrek eta Patriciaren aurrean maisuki baloia loratuz, banakoa markagailuan. Minutu gutxi amaierarako eta Izarnek atezainaren aurrean aukera garbia. Baloiak ez zuen sartu nahi. Partida berdinduta amaituko zela zirudienean, Bengo killerraazaldu zen eta mutu utzi zituen Erandiotik etorritako zaletuak. Ustekabeko baloi bat atzelari bizkaitarren bizkarrera eta atezaina gaindituz bi eta batekoa. Hirugarren postua gurea da! Inoiz baino gorago ditugu #tolosakoneskak.

Udaberriarekin hasi genuen astea eta Udaberri Dantza Taldeak antolatutako erromerian amaitu genuen. Afari eta dantza ederrak izan ziren Zerkausian. Sagardo kupela hustu arte jo ta ke! Gure Sebas ere animatu zen dantzan!

Orain, ondo merezitako opor txikiak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!