Animo neskak eta eutsi gogor!

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Beain 2018ko mar. 23a, 10:12

Pasa den larunbatean Deriora joatea tokatu zitzaigun. 13:15ean irteten zen autobusa Usabaletik beraz, goiz-goiz bazkaldu eta aurrera. Arratsalderako oso eguraldi txarra zegoen iragarrita. Kuadrilla polita bildu ginen: gure neskak eta animazio taldea. Autobuseko bidaia lasai egin genuen. Batzuk irakurtzen, besteak erdi lotan. Siesta egiteko ordu aproposa.

Helmugara iritsi ginenean partida hasteko ordubete luze geratzen zen. Joxemik buelta bat emateko lagunen bat nahi zuen baina ez zen inor animatu. Hotza egiten zuen eta nahiago genuen leku goxoren batean kafea hartuz egin egonaldia. Seminarioa izandako eraikin dotore bat genuen ondoan eta bertako hoteleko kafetegira sartu ginen. Javik (bera da gure eskotearen arduraduna) papera eta boligrafoa eskatu zituen kafeak apuntatzeko eta hara non bere ezustekoa, zerbitzariak bere lantokiko izena zeukan boligrafoa eman zionean. «Nondik atera da boligrafo hau?» galdetu zuen eta zerbitzariak bere senarrak ekarri ziola erantzun zion. Tolosan egiten omen du lan bere senarrak. Hori kasualitatea hori! Berriz ere esateko moduan izango gara mundu hau oso txikia dela. Kontu kontari pasa genuen denbora eta gure neskak animatzeko asmoz zelaira abiatu ginenean, Joxemi Garikano non ote zen eta terrazan zebilen toldoak begiratzen. Gustukoak ditu nonbait!

Harmailetatik ikusi genuen partida. Joxemi beste aldera joan zen, han baloi jasotzaileak behar omen zituzten eta. Ezin hobeto burutu zuen bere lana eta horrela tarteka hotza kendu.

Partidaren lehen zatian ez genuen etekinik lortu. Baloia, denbora gehienean gure nesken hanka artean ibili arren, ez zuten lortu deriotarren sareetara bidaltzerik. Tarteka animo oihuak eta nola ez aholkuak (hobeto ikusten baita gure aulkitik) bidali arren, Deriok defentsa gogorra ipini zuen ate aurrean eta hutseko berdinketarekin bukatu zen lehenengo zatia.

Bigarren zatia hastearekin batera heldu zen gola. Mireiak area kanpoko jaurtiketa batean zutoina jo eta Maddik buruz erantzun zion, baloia sareetara bidaliaz. Partidak aurrera egin ahala gure nesken baloi jabetza nabarmena zen baina beraiek kontraeraso batekin gola egitea lortu zuten. Horrela bukatu zen norgehiagoka. Puntu bakarra etxera eta okerragoa dena Alaia orkatilan min hartuta.

Gelditzen diren partidetarako harmailak betetzeko eta gurekin batera horrenbeste merezi duten eta horrelako denboraldi ederra egin duten neska hauei animatzeko gonbita egiten dizuet denoi. Datorren larunbatean 17:30ean izango da partida Usabalgo zelaian.

Animo neskak eta eutsi gogor!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!