Nescup Txapelketaren bigarren edizioa larunbatean jokatu zen Berazubin. Eguraldi bikaina eta harmailetan giro bikaina. Gainera, harmailak beteta ikusteak poz handia ematen zigun.
Txapelketa garaiz hasi zen, nahiz eta egunean zehar emaitzak ez ziren oso onak izan guretzat. Egia da, beste taldeak oso indartsuak ziren.
Eguerdian, lagun arteko partida bat zuzentzen utzi zidaten, epaile bezala. Nire ustez nahiko lan txukuna egin nuen.
Eta iritsi zen une magikoa niretzat. Azkeneko partidan, finalean, ohorezko sakea egin nuen. Oso une hunkigarria izan zen niretzat. Bihotza ukitu zidan. Benetan mila esker mundu guztiari, bai entrenatzaileei, neskei, gurasoei eta txapelketako talde guztiei. Eskuak altxa nituen eta publikoari eskerrak eman nizkion. Niretzat egun zoragarria izan zen, ez ahazteko modukoa. Gainera, neskekin argazki bat egin genuen.
Eguna bukatzeko afaltzera elkarte batera joan ginen eta oso afari goxoa prestatu ziguten. Bakarrik gelditzen zait esatea: Eskerrik asko Tolosa.
AUPA TOLOSA TRAKA TRA!
Igandean berriz seniorrak Bizkerreren aurka genuen partida, eta 5-0 galdu genuen Getxon. Talde ona izan genuen aurrean, Zarautzekin batera igoera jokatuko duena azken jardunaldian.
2-0 gindoazela, Patriziak penalti bat gelditu zuen eta segidan Izarok penalti bat huts egin, hau dena lehen zatia bukatzear, partidan sartzeko aukera galdu genuen. Bigarren zatian gertatutakoa badakizue. Partida bukatu ondoren jakin genuen matematikoki mailari eutsi geniola; poza eta algara! Hurrengo urtean berriz Euskal Ligan!