"Zuek ere txapeldunak zarete!"

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko api. 18a, 13:06

Aste santuan, Tolosa CF-ko infantil mutilen taldeak, Salouen jokatutako udaberriko txapelketa bat irabazi du, baina polemikaz beterik egon den final baten ostean. Hala ere, bidaiak askorako eman du, beste anekdota ugari utzi dituelarik.

Ostegun santua. Goizeko 04:30ak. Tolosatik abiatu eta, Katalunia aldean genuen helmuga, Salouen hain zuzen. Infantil mailako lehen urteko mutilen taldearekin, Costa Daurada Cup izeneko txapelketa jokatzeko abiatzera gindoazen... baina ni falta nintzen? Non nengoen? Bada, lo hartu eta ordubete beranduago itzartu nintzen. Gainerakoak, abiatu ziren jada, eta nik ere, nola edo hala, bertara heltzea lortu nuen. Hasiera ederra, noski.

 

Bitartean, taldeko haurrak nahiz gainerako bidailagunak, Port Aventura jolas-parkean gozatzen zebiltzan. Arratsaldean beraiekin elkartu eta kontatu zidatenean, opari bat ere egin zidaten: Txalupina, gure taldeko maskota. Ostera, hotelera heltzean, neke aurpegiak nabari ziren gure artean, eta logeletan banatu ondoren, afaldu eta ohera joan ginen, hurrengo eguneko bi partidetarako prest egoteko.

 

Txapelketa ederra

 

Ostiralean ekin genion txapelketari, eta horrekin batera, multzoko lehen postua eskuratu genuen goizean lortutako garaipenari esker; 6-0 irabazi genuen. Aurkariak, eskoziarrak ziren, eta gure taldeko haurren gurasoek, talde hartakoekin harremana egiteaz gain, argazkia ere atera zuten, baita haurrek ere. Arratsaldean, ordea, gauzak ez ziren ondo atera, eta igerilekuan jolasean aritu (deskantsua beharrezkoa zenean) eta konfiantza puntu batekin aterata, 1-0 galdu bagenuen ere, final-laurdenetarako sailkapena eskura genuen.

 

 

Sailkapen hori, hurrengo egunean lortuko genuen, etxeko taldearen aurka eta beraien zelaian 5-3 irabazita. Aurreko egunean, afaldu ostean egindako paseo txikiak, pixka bat deskonektatu eta mutilei, talde izaera handiagoa emateko balio izan zuen. Gainera, goizean lortutako garaipenari esker, multzoko lehenak bezala sailkatu ginen arratsaldeko partidarako. Bazkalostean, berriz ere eskoziar talde baten aurka jokatu, 3-0 irabazi eta igandeko finalerdietarako txartela eskuratu genuen.

 

Igandea. Goizeko 6:00ak. Mikel prestatzailea, aurreko egunean erositako gosaria banaka poltsetan sailkatzen aritu zen, gero logeletan banatu ahal izateko. 7:30etan hartu behar genuen autobusa, eta 9:00etan jokatzen genuen finalerako sailkapena lortzeko aukera emango zigun partida. Eta hura ere irabazi genuen, 2-0. Guztiak pozik, baina era berean, urduri ere bai. Finalerako txartela eskuratu genuen, baina hura ere irabazi beharra zegoen, Kataluniako Saint Gabriel talde indartsuaren aurka.

 

Infantil mailako mutilen taldeaz gain, maila bereko eta kadete mailako nesken taldeek ere parte hartu zuten txapelketan. Hauen kasuan, goraipatzekoa da kadeteek erakutsitako maila, besteak beste, emakumezkoen liga nagusian dabiltzan Levante eta Atletico De Madrid taldeen harrobiko jokalarien aurka neurtu behar izan zituztelako indarrak. Baina, beraien ibilbidea finalerdietan amaitu zen, gerora txapeldun bilakatuko zen Reus taldearen aurka penaltietan galdu eta gero.

 

Finala eta polemika

 

Hain justu, neskek jokatu zuten partida hori, gure finalerdiaren ondoren izan zen, eta guztiok (jokalari, prestatzaile, guraso...) joan ginen beraiei animatzera. Baina, oraindik onena heltzear zegoen. Neskak, gure oihu eta txaloei erantzunda, gu animatzera gerturatu ziren finala jokatu genuen zelaira. Txapelketako azken partida zen, eta irabazteko, horren eta gehiagoren beharra genuen.

 

 

Partida hasi aurretik, ordea, Eneko entrenatzailea niregana hurbildu, eta galdera bota zidan: “Ziur zaude aurkariak eta gure taldeko haurrak adin berekoak direla?” Nik ez nekien zer esan. Egia esateko, beraiek altuagoak ziren. Besterik gabe, partida jokatu genuen; gure mutilek ederki sufritu behar izan zuten alde batetik bestera korrika. Ezin genuen sinetsi talde kataluniarreko jokalariek zuten indarra, beraien oinak eta gorputza orokorrean, gure haurrenak baino gihartsuagoak ziren, askoz ere gihartsuagoak.

 

Partida galtzen hasi ginen, 1-0. Atsedenaldian, oraindik ere aukerak bagenituela eta, haurrak sinestarazi nahi genituen, emaitzari buelta eman eta irabazi egingo genuela esanez. Bigarren zatia hastearekin bat etorri zen beraien bigarren gola, eta gol horren ondoren, polemika. Bai, bai, iruzurra. Engainatu egin gintuzten kataluniarrek, eta baita txapelketako antolatzaileek ere. Polemika horri gainera, finalean ezarri ziguten epaile herbeheretarra gehitu behar zaio, ingelesez aritu baitzen, jokalariek ezer ulertzen ez zuten bitartean.

 

Eta galdetuko duzue, polemika zergatik? Bada, infantil mailako haurrak, 2004an jaiotakoak dira, eta txapelketa honetan, posible zen talde bakoitzak 2003an jaiotako bi jokalari izatea. Horrekin gustura ez eta, kataluniarrek, 2002an jaiotako beste bizpairu jokalari ere bazituzten. Talde horretan bost jokalari zaharragoak ziren! Gainera, guztion harridurarako, beraien entrenatzaileak, “kiroltasuna!” eskatzen zigun behin eta berriz. Hori guztia, gurasoei esker jakin, eta beraz, erreklamatzea erabaki genuen, txapelketa hori legez kanpo irabazi zutelako.

 

Azkenean, heldu zen saria jasotzeko garaia, kataluniarrek lehenago jaso eta gero alde egin zutelarik. Antolakuntzako kideak (gainera, euskaldunak), ordea, txapelketaren izena gorenean utzi nahirik, honelako mezua bota ziguten guri: “Zuek ere txapeldunak zarete!”. Hortaz, txapelketak bi irabazle izan zituen, guztiak kontentu utzi nahian edo. Guretzako, baina, ez zen garaipen bat izan, gaizki antolatutako egoera bati buelta eman nahi izatea, baizik. Hori ez da horrela egiten, haseratik utzi behar zirelako kanpoan.

 

 

Anekdota gehiago ere

 

Eta finalaren ostean, haurrak domina eta guzti etxeratu ziren, guztiak ere oso kontentu. Baina, prestatzaile eta entrenatzaileok, beste egun batez luzatu genuen oporraldia, egun batez bazen ere, haurrez ahaztu, eta parrandatxo bat egiteko asmoz. Parrandatxoa, halere, gehiegi luzatu zen, eta goizeko ordu txikietan joan ginen ohera. Hori laburpen bat besterik ez da, baina, tartean, kontatu ezin diren gertaera ugari daudelako utziko dugu horrela.

 

Hala ere, hori ez da guztiz kontatu gabe geratuko den anekdota bakarra. Autobusean egindako bidaiak, hotelean logela batetik bestera egindako telefono deiak, gurasoen otordu ederrak eta bingoan jaso gabeko sari berezia... Beste asko daude, baina gehiegi luzatuko nintzen, eta beraz, horrela laburbilduko dugu aurtengo aste santua. Ederra izan da, eta jokalari, lagun, guraso eta familiei eskerrak ematea besterik ez zait geratzen. Eskerrik asko denei!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!