Larunbatean Usabalen izan zen giro eta jendetza AHAZTEZINA izango da kluba osatzen dugun guztiontzat, eta horregatik, behin eta berriz eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen. Urteak ziren kiroldegiko harmailak horrela ikusten ez genituenetik. Izan ere, eserleku guztiak betetzeaz gain, jende mordoak kantxa inguruan eta eserlekurik gabe ikusi behar izan zuen partidua.
Partiduko emaitza ez zen guk nahi genuena izan, baina dudarik gabe, oso pozik gaude herri guztian horrelako erantzuna eta babesa jaso izanaz. Berriz ere kiroldegian giro paregabea bizi dezagun lanean jarraituko dugu!
Euskal Kopa alde batera utzi behar izan dugun arren, ligan lehen postuan dago Redline Mekanika TAKE gizonezkoen lehen taldea eta beraz, EBA mailarako igoera postuetan jarraitzeko borrokan jarraituko dugu gogor lanean.
Besterik gabe, ESKERRAK EMAN NAHI DIZKIZUEGU azkenekoz larunbatean eta urte guztian zehar gure talderen bat babestera gerturatu zareten guztioi, eta nola ez, gurera saskibaloia ezagutzera etortzeko tarte bat hartu duzuen familioi. Denboraldiko zatirik politena dugu aurretik, ea denon artean gozatzen jarraitzea lortzen dugun! Bitartean, esan bezala, lanean jarraituko dugu, gure kirolaz eta bertako lagunez gozatzen!
Mila esker! 1,2,3... TAKE!