Euskal Kopako Final Four-a, Usabalen!

Erabiltzailearen aurpegia TAKE Saskibaloia 2023ko urt. 5a, 10:01

Asteburu honetan Usabalen jokatuko dira Saskibaloiko Euskal Kopako finalerdiak. Bertarako txartela lortuta iritsiko dira Atletico San Sebastián, Valle de Egües, Tecnun Askatuak eta etxean jokatuko duen Redline Mekanika TAKE.

Larunbatean saskibaloiaren festa izango da Usabalen! Izan ere, Euskal Kopako finalerdiak jokatuko dira bertan 18:00etan eta 20:00etan hurrenez hurren. Lehen finalerdian, Tolosako TAKEko mutilak Donostiako Atletico San Sebastian taldearen aurka lehiatuko dira. Eta bigarren finalerdian, Iruñeko Valle De Egües eta Donostiako Tecnun Askatuak ariko dira nor baino nor gehiago. Bi finalerdietako irabazleek finala igande arratsaldean jokatuko dute Galdakaoko Urreta Kiroldegian.

Denboraldi bikaina izaten ari da TAKEko gizonezkoen lehen taldea burutzen ari dena. Izan ere, ligako sailkapenean lehen postuan da taldea eta honi esker finalerdia etxean jokatzeko aukera izango du. Ilusioz gainezka asteburu honetan denboraldiko lehen tituluaren bidean bi partiduak irabazteko asmotan azaldu dira. Aurkariak ligako talderik indartsuenetarikoak diren arren, taldea konfiantzaz eta gogoz ari da prestatzen asteburua.

Garaipena lortzeko bidean, larunbatean Usabal betetzea ezinbestekoa izango denez, zaletu guztiak kiroldegira bertaratzea animatu nahi ditu klubak. Beraz, badakizue, ez galdu finalerdiak eta babestu gure mutilak!

Taldeak igandeko finalerako txartela lortuko balu, Tolosatik Galdakaora joateko autobusa dohain izango litzateke TAKEren eskutik. Interesetik baduzue, jarri TAKErekin kontaktuan Instagram, Twitter edo Facebook bidez edo bidali mezu elektroniko bat takekomunikazioa@gmail.com -era ostirala baino lehen.

Larunbatean babestu dezagun gure taldea! Bete dezagun Usabal, zuen babesa ezinbestekoa da eta!

Aurrera mutilak! 1,2,3... TAKE!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!