Behe mailetako taldeek eta senior nesken taldeak kontutan hartzeko moduko denboraldiak burutu dituzte. Senior mutilen lehen taldearen lanetik harago ere, TAKEko beste zenbait taldek lan aipagarria egin dute amaitu berri den denboraldian.
Senior neskak, beste urtebetez igoera fasera sailkatu dira eta ez hori bakarrik, mailaz igotzeko Lauko Finalera sailkatzeko zorian izan dira. Hurrengo urterako, helburu argia eta motibagarria izango dute beraz gure neskek. Neskekin jarraituta, lehen eta bigarren urteko jokalariz osaturiko kadete nesken taldea ere Errendimendu Mailara igotzeko Lauko Finalera sailkatzear izan da.
Mutilen kasuan, kadete zein juniorrek urtea Gipuzkoako Kopa jokatzen amaitu dute. Kadeteek euren urte ona berretsi dute Donostiako Easo taldearen aurka finala galduta. Emaitza honekin, adin horretako Gipuzkoako bigarren talde gisa finkatu dira. Junior mutilek aldiz, Gipuzkoako Lauko Finalera estutasun batzuekin sailkatu arren, ametsetako finalerdi eta finala jokatuta, irabazi egin zuten. Urte osoko lanak bere fruituak dakartzala erakutsi dute gure mutilek. Saskibaloiko zelaiko entrenamenduez gain, Berazubin astea joan eta astea etorri, bi talde hauetako jokalariak gogotik saiatu dira prestaketa fisikoko saioetan.
Lerro hauen bitartez, gure neska-mutil guztiak zoriondu nahi ditugu urte osoan zehar erakutsitako errespetuzko jarreragatik. Taldeetan giro ona izan da nagusi eta istiluek ez dute ia lekurik izan. Datorren urtera arte!