1, 2, 3 … hamaika akats!

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Lersundi 2016ko abe. 14a, 12:31

Larunbat arratsaldea. Ezohiko aste bateko larunbata: batzuek zubia, besteek akueduktua, eguraldi bikaina… eta Usabal kiroldegiko goiko kantxa nahiko beteta. EBA ligako partida da bildu gaituen ekintza.

TAKEko talde nagusia ikustera eta animatzera elkartu gara ilusioz beterik. Azkena doa, bai, baina talde honek badu ikusten ez den baina sentitzen den energia berezia. Zaleon ilusioak gora egin du lehen laurdenean: Redline Mekanika TAKE aurretik eta jokoa ere ilusionatzeko modukoa. Atsedenaldira bi puntu azpitik: oraindik ere dena erabakitzeko dago eta taldea ondo ikusten da kantxan. Hirugarren laurdena aurrera joan ahala tentsioak gora egin du. Bi taldeek hasiera-hasieratik planteatutako defentsa gogorra are gehiago gogortu dute. Kantxa osoko presioak asko oztopatzen ditu bi taldeen erasoak eta defentsa gogor horretan epaileek begia zorroztu beharko dute. Tentsioa gero eta nabarmenagoa da eta gero eta gehiago sentitzen da kantxan, aulkitxoetan eta harmailetan. Hirugarren laurdena amaitu da eta Redline Mekanika TAKE 7 puntu azpitik da. Laugarren laurdena izugarrizko indarrez hasi dute etxekoek eta aurretik jartzea lortu dute. Une horretako ilusioak eta estresak eraginda, akats pare baten ondorioz, kanpokoek aurretik jartzea lortu dute berriz ere, eta, epaileen une horretara arteko kriterio-falta arina kriterio-falta larri bihurtu da. Akats baten ondotik, beste bat, eta beste bat, eta beste bat… Une batean kantxan gertatzen diren akats nabarmenak zelatatzen baino indar handiagoa jarri dute etxeko aulkitxoko keinu guztiak zelatatzen. Talde barrutik kontrola ezin daitezkeen gertaeren ondorioz partida joaten hasi dela nabaritzen duen aulkitxoko keinu guztiak gogor epaitu dituzte (hamaika irain itsusi entzun dira aurretik kanpokoen aulkitxoan). Eta zurrunbilo zoro horretan partida amaitu da. Etsipena, egonezina, negar egiteko gogoa… Horiek guztiek izan behar dute aste honetako entrenamenduen pizgarri.

Zorionak TAKEko jokalariei. Zorionak zaletuei. Zorionak Burgoseko taldeari. Eta animo epaileei, akatsak akats partidak egon daitezen behar zaituztegu-eta!


Badakigu kolpe gogor honetatik taldea indartuta aterako dela. Guk kontrola dezakegun horretan eragin behar dugu, eta ez indarrak hustu besteen esku dagoen hori kontrolatu nahian. Partidan 1, 2, 3 … hamaika akats izan dira! Besteenak alde batera utziko ditugu, gureak zuzentzearekin nahiko lan baitugu! 1, 2, 3… lana! 1, 2, 3… egurra! 1, 2, 3… TAKE!


Zaleak ilusioz hurbilduko gara berriz ere hurrengo partidara!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!