Txingurritasuna

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Arsuaga 2016ko abe. 1a, 20:14

Azken denbora luze samarrean gorputzaren hainbat atal txingurrituta izan baditut ere, igandekoa guztiz izan zen apartekoa goizean goizetik! Ez zuen zerikusirik neure estenosisa-rekin.

Saskibaloiko lehen partida jokatzera doazen neska edo mutikoen tripetako tximeletekin zerikusi handia zuen, edota beren bihotzeko eta ametsetako ekipoa ikustera estreinakoz joatean sentitzen den modukoa.

Igandekoa berezia zen, bai horixe! Babesle berria zuen ekipoak: Redline Mekanika, oinarri lanetan ariko den Mikel Basterra jokalari berriak lehenengoz jokatuko zuen, Barcelonan esnatu zen Aza ere gurekin izango zen hasieratik, egun kilikagarria pasatzeko. Egunak bazituen zenbait kontu desberdin, motibagarri eta iradokitzaile aurrekoekin alderatuta. Urduri nintzen eta goiz Usabalera inguratzeak juniorrek partida nola irabazi zuten ikustea ahalbideratu zidan. Deialdia 11:00etarako bazen ere aurretik hantxe ziren hainbat jokalari. Berezia eguna, artega geunden askotxo. Izan ere, denboraldia gogorra ari da gertatzen eta irabazi beharra zegoen behingoz, bai edo bai. Tomas aurkezle lanetan ederki eta batik bat, animatzaile lanetan elegante aritu zen. Aurkariaren (Palentziako Venta de Baños) aurkezpena lakonikoaz gain «lau» atzerritar handi zekartzan. Eta gure ekipoa, aldiz, ufff…


Gure mutilak nire moduan txingurrituta abiatu ziren, eta irabazi beharrak sortzen duen urduritasunak egin beharrekoa patxadaz egitea galarazten zien. Atzetik abiatu eta gerturatu, aldendu eta gerturatu emaitzan… ufff... Atsedenalditik aurrera irabaztekotan beharrezkoa izango zuten bihotz kementsua azaldu zuen TAKE-k, eta Tomasek ederki zirikatutako zalegoaren laguntza ederrez babestuta azken minutuetan lortu genuen aurretik jarri eta partida irabaztea, azken bi urteotan Gonziren mutilek maiz egin moduan. Ederra bezain beharrezkoa zen garaipena lortu zuen ekipoak, izan ere, zazpi galdu ondoren aho-gustu hobea baitu irabazteak. Lana egoki eta etsi gabe egin izanaren saria.


Gorputza egunero legez txingurrituta daukat harrez gero ere baina gorputzaldi ederraren jabe naiz hala ere.
Haritz, goraipena zuretzat!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!