Ezustekoa izan da asteburu honetan, Mondragon Unibertsitateak galdu ostean, Bide Bide Donosti taldeak bi partidako aldea baitu orain bigarren sailkatuarekiko. Hiru partidaren faltan, eskura dute EBA ligarako igoera.
Pasa den astea zaila izan zen tolosarrentzat, lesioak tarteko. Jokalari ugari min hartuta zeuden, eta asteko entrenamenduak osatzeko arazoak izan zituzten. Ehuneko ehunean izan ez arren, ordea, irabazteko gogoz kantxaratu ziren Goierri Verkol taldearen aurka. Azken sailkatua zuten aurrean, baina urretxuarrek ez zuten erraz ipini garaipena.
Partiduko lehen minutuak, etxekoentzat izan ziren, lehen laurdena amaitzerako 10 puntukoa baitzen aldea (15-5). Tarte horri esker, eta jokalariak asko ez kargatzearren, errotazioak hasi ziren, eta abantaila zabaldu zuten, atsedenaldira 30-14ko emaitzarekin iritsiz. Bueltan gogor hasi ziren urretxuarrak, baina aldeari eutsi zieten tolosarrek. Azkenean 65-48ko emaitzarekin amaitu zen partidua.
Garaipen garrantzitsua izan zen, beraz, tolosarrena. Are garrantzitsuagoa, bigarren sailkatuak, Mondragon Unibertsitateak jasandako porrota. 55-49 galdu zuten arrasatearrek, eta bi partiduko aldea da orain bi taldeen artean. Datorren larunbatean, arratsaldeko 18:00etan, bi taldeak izango dira nor baino nor, eta TAKE-k garaipena lortuko balu, EBA Ligara igotzea lortuko luke. Partida horretara begira, taldea "oso gogotsu" dagoela azaldu dio Beñat Azaldegik Ataria Irratiari. "Aste honetan, aurrekoetan bezalaxe, gogor entrenatzen jarraituko dugu eta ea garaipena eskuratzen dugun".
Autobusa Arrasatera
Partida horren harira, taldea animatu asmoz, autobus bat antolatuko du klubak Arrasatera joateko. 16:30ean irtengo litzateke Tolosatik eta partidu amaieran bertara itzuli. Izen-emateak, takesb@takesb.com helbidean egingo dira, eta izen ematearen ordena hartuko da kontutan autobusa bete arte. 5 euroko prezioa izango du bidaiari bakoitzak eta egunean bertan ordainduko da.