Ur handitan murgilduko da Tolosaldeko Arraun Kluba

Eskualdekoko arraunlariekin osatutako trainerua itsasoratuko du aurten TAKek eta emango duen urratsaren berri emateko bi ekitaldi egingo ditu datozen egunetan.

Erronka berria du aurretik Tolosaldeko Arraun Klubak. Bateletan ubera luzea duen taldea da Tolosaldekoa, 13 urte daramatza bogan. Orain, olatu berri bat hartuko dute eta traineruaren ur handitan sartuko dira. Trainerua gure eskualdearen isla izango da, 28 herriena. Gure ispilu izango denaren aurkezpena larunbat honetan izango da, maiatzaren 19an, goizeko 12:00etan.

2005ean ekin zion bere bidea Tolosaldeko Arraun Klubak. Jaio eta hiru urtera, 2008an, trainerua uretaratu zuen Tolosaren izenean. Proiektua bertan behera gelditu zen bost urte beranduago (Getaria-Tolosa izenean lau urte eman eta gero). Beraz, orain, hamar urte beranduago, berriz ere helduko dio arraun klubak proiektuari.

2€ TAK laguntzeko

Ostegunean, maiatzaren 19an, Tolosaldeko Arraun Klubaren aldeko pintxo potea egingo da  Euskal Herria plazako sarreran. Bi euroren truke edaria eta janaria dastatzeko aukera dago. Edateko, Isastegiko sagardoa edo ardoa; jateko, tortilla patata pintxoa. Pintxo potea girotzen Joxe Mendizabal egongo da.

TAK laguna izateko, ordea, 10 edo 20 euro

Pintxo potean arraunlariak berak egongo dira, jendearekin hartu emana izateko. Aurrez aurreko harreman horretan TAK lagunen bila ere arituko dira. Kluba lagundu nahi duenak 10 edo 20 euroko ekarpena egin dezake. 10 euro ordaintzen dituenak zapia eta txartela jasoko ditu; 20 euro ordaintzen dituenak zapia, banderola eta txartela.

Herriarena dena, herriari

Behin motorrak berotuta, trainerua eskualdeari aurkeztuko zaio. Larunbatean izango da aurkezpena, goizeko 12:00etan, Tolosako Trianguloa plazan. Uretaratu aurretik herrira ekarriko da trainerua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!